Baionako apezpikuak Otsanzko kapera berritua benedikatu du uda huntan

Franck Dolosor 2010eko abuztuaren 31

Otsanzko kapera ttikiegia izan zen mundua biltzeko eta jende ainitzek kanpoan egon behar izan zuten. Gurutzea daramana Agapit Bidegain senpertarra da, kaperako lehen auzoa. Franck Dolosor

Lapurdiko otoitz leku zaharrenetakoa da

Uztailaren 22an, Santa Madalena Egunean mundua bildua zen Otsanzko kaperaren inguruan, egun hortan Marc Aillet Baionako apezpikuak otoitz toki berritua benedikatu zuelarik. Kapera hori toki zinez berezian kokatzen da Uztaritzeko eremuan, Senpere eta Zuraideko muga-mugan. Lapurdiko hiru herriek elgar hunkitzen dute kaperaren atariaren ondoan eta lehen auzoak Senpereko eremuan bizi dira.
Berriki arte, kapera arrunt desegina zen, denborarekin harri gehienak lurrerat erori bai­tziren. Duela urte ba­tzuk René Clément zinegile zenak eta bere andereak erosi zuten kaperaren eremua eta berehala otoitz lekua berriz altxa­tzea deliberatu zuten. Clément jauna zendu ondoan, alargunak xede berarekin segitu zuen aitzinera eta kapera osoki altxatu du horrek sortu duen gastu haundiarekin.

HISTORIA LUZEA
Otsanzko kaperak historia luzea du, iduriz Lapurdi aldeko otoitz leku zaharrenetakoa baita. Girixtinoak hor gordetzen omen ziren Erdi Aroan eta San Leon Baio­nako lehen apezpikuak meza erran omen zuen hor bederatziga­rren mendean.
Aitzineko gizaldian, euria egin zezala eska­tzeko beilak egiten ziren Otsanz alderat. Adin haundiko senpertar ba­tzuek gogoan dute oraino otoitzak egiten zituztela hantxe duela zonbait urte. Gisa hortan, 1942an, meza eman izan zuen han Félix Karrikaburu erretore senpertarrak. Motxoa etxaldeko semea han ibili zen Uztaritzeko seminarioan ikasten ari zelarik.
Clément familiaren indarrari esker Otsanz­ko kapera berriz xutik dago eta berriz ere zabalik girixtinoak eta Santiagoko bidea egiten dutenak errezibitzeko.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun