Beste urte batez Amabirjinaren omenez, pestak ospatu ditugu abuztuan. Eta dudarik gabe, azken urteotako jendetsuenak izan dira. Giro ezinhobea izan da eta inolako gorabeherarik gabe pasatu dira. Beharbada, pasadizorik aipagarriena musika talde baten jarrera izan zen. Bost orduz jotzeko kontratatuak ziren, baina goizaldeko ordubatetan, euren tresneriak hartu eta ospa egin zuten, plazan inor ez zegoelako. Kontratuan goizaldeko hirurak arte jo behar zutela hitzartua zegoen.
ARRAKASTATSUENAK
Bi ekitaldi nabarmendu behar dira: alde batetik, ikusle asko bildu zituen herriko gazteen arteko herri kirol saioa eta bestetik, herri bazkaria. Jendeak ongi jan eta edan zuen seinale, dantza asko egin zituzten gazteek eta ez hain gazteek Joxe Angelekin.
Mus txapelketan 15 bikotek hartu zuten parte eta txapeldunak Migel eta Bautista izan ziren. Garaikur ederra jaso zuten.
Aurtengo berrikuntza, berriz, Ezkain inguruan egin zen usakume tiroketa izan zen, plater tiroketaren ordez egindakoa. Jende asko animatu zen parte hartzera.