Bi sugegorri herriko plazan

Eneko eta Markel 2010eko abuztuaren 31

Ostatu bazterrean eta gure karriketan ibili dira

Joan den larunbat ilunabar batean, bi sugegorri azaldu omen ziren plaza inguruan. Bizpahiru lagunek ikusi zituzten ostatu bazte­rrean. Ez jakin nondik nora agertu ziren, sugeak ez baitira hola eta hola karrikan agertzen. Jendea, badaezpada, urruti samarretik egondu zen begira, hozka gaiztoa izaten baitu sugegorriak.

Barcina eta Sanzberro
Abuztuaren 14an, jende handiak izanduak ditugu herrian. Labaiengo errege bidetik barrena agertu ziren diztargi handiko auto ilun dotoreetan: Yolanda Barcina Iruñeko alkate famatua eta Begoña Sanzberro andere txit baztandarra eta Nafa­rroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria. Laguntzaile mordoska ere bazituzten bizkar aldetik, zer gerta ere.
Batzuek diote Malerrekako eta Basaburuko herri koxkor hauei bisita jator bat egitera etorri zirela eguraldi ederra aprobetxatuz. Urrozen eta Labaienen izandu omen ziren honara ailegatu aurretik.
Beste batzuek diote, berriz, hurbil samar dauzkagun 2011ko hauteskundeen usainean etorri ote ziren, herriko etxeak bisitatu eta beren doktrina zabaltzera. Uzta jasotzeko, lehenbiziko erein egin behar omen da eta...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun