Azken aurreko alean adierazi bezala, uztailaren 31n Leurtzako urtegietan bazkaria egin zen herriko gazteen artean, eta aitzinetik kirol lehia ere izan zen.
Eguraldi polita izanik, kanpotar aunitz izatea ez zen harritzekoa, baina apustuaren ikusle ia denak herritarrak izan ginen. Lehia polita sortu zen, eta alde hagitz ttikia atera zuen bikote irabazleak, 20 segundo inguru bertzerik ez. Bikote batek bortz enbor moztu behar zituen eta bertzeak hiru, gero lasterka denek berdin, bi itzuli bi urtegiei. Enbor gehien mozteko zituztenak irabazi zuten, aipatu bezala, segundotako aldearekin.
Ondotik, 50 lagun inguru elkartu ginen bazkaltzeko, horretarako eguraldi bikaina zegoen, eta giro polita izan zen. Entsalada, kroketak eta txuleta ausarki, iluntzen hasi zuen arte han egon ginen gehienak.
Bertzalde, ez dakit eragina izanen zuen besta hau hemen iragarri eta foruzainak aipatu izanak aitzineko alean, baina kontrola paratu omen zuten Anizpeko bidegurutzen lege zaindariek, denbora guttiz izan bazen ere. Beharbada ez zuen bazkariarekin zerikusirik, edo TTIPI-TTAPA irakurtzen ote dute? Hori ona edo txarra ote da? Auskalo!