Itxuraberritua gelditu da www.ttipi.net atari digitala

TTIPI-TTAPA 2010ko abu. 31a, 13:38

www.ttipi.net atari digitala itxura berriarekin. www.ttipi.net

Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik gabe gelditu da aurten Ttipi-Ttaparen web orria

Web orri argiagoa eta parte hartzeko aukera ge­hiago eskaintzen dituena. Halaxe da www.ttipi.net­ atari digitala. Diseinu berrituarekin, uztail hasieratik dago ikusgai eta itxura txukunagoa eta irakurtzeko errazagoa izateko egokitu da. Bide batez, parte-hartzea ere bultzatu nahi izan da.

BERRIKUNTZA
Blogak dira web orri itxuraberrituaren berrikuntzarik nabarmenenak. Iritzia, bota bertsoa eta 11 galdera labur-en blogak dira.

DATUA | 0 EURO hartuko ditu www.ttipi.net-ek aurten Nafarroako Gobernutik. Alegia, ez du dirulaguntzarik jasoko.

DATUA | 93 HERRIALDETAKO bisitak hartu ditu www.ttipi.net-ek azken bi urteotan.

Duela 14 urte egin zuen TTIPI-TTAPAk In­ter­ne­terako saltoa, 1996­ko uz­tai­lean, ze­haz­ki. TTIPI-TTA­PA izan zen, gai­ne­ra, edukiak sarean paratu zituen lehendabiziko euskal hedabidea. Eta horrexegatik hartu zuen 1997an Rikardo Arregi Ka­ze­ta­ritza Saria, Komunikabideen Berrikuntza Saria deiturikoa.
Baina Interneten gauzak momenturo al­da­tzen ari direnez, 2006­an ere berrikuntza ba­tzuk egin ziren web orrian­.­­ Ordura arte aldiz­kariko edukiak sarera bolkatu baino ez baziren egiten, 2006­an eguneroko albisteei segida ematen hasi zitzaien. Gisa beran, orain gure artean ez dagoen TTIPI-TTAPA Tele­bis­tako eguneko albisteen laburpena ikusteko aukera izaten zen. Kultur agenda, aldizkariko ale zaha­rrak kontsulta­tzeko aukera, Merkatu Ttikia, urte­betetzeak… Horiek guz­tiak orduan paratu ziren martxan.
www.ttipi.­net-en ber­tsio berriak hori guztia ere badu, baina aurkez­teko modua eta itxu­ra aldatu egin dira. Egune­ko albisteen segida egiten da orain ere, baina azala txukunago antolatua dago eta lehen baino eduki gehiago daude. Eguneko albiste ga­rrantzitsuenen titularrak ageri dira lehen orrian, baina gainean klikatuz gero, azalpena ere irakur­ daiteke, argazkiz hornitua. Iruzkinak egiteko aukera ere badago. Hemerotekako be­rriak ere kontsulta dai­tez­ke, eta eskuineko zutabean, urtebetetzeak, Merkatu Ttikia eta egunean eguneko agenda modu errazean ikusteko aukera dago.
Parte-hartzea bul­tzatu nahian, norberak bere proposamenak bidaltzeko modua ere badu webguneak, baita urtebete­tzeak eta Merkatu Ttikia kontratatu ahal izateko ere. TTIPI-TTAPA aldizkaria pdf formatuan ere eskura daiteke. Eta eguraldia eta errepideen inguruko informazioa ere eskain­tzen da, Ttipi txartelaren ingu­ruko xehetasunekin batera.

Berrikuntzak
Edizio digital honen berrikuntza nabarmenena, halere, blogak dira. Iritzia, bota bertsoa eta 11 galdera labur blo­gak ditu www.ttipi.net-­ek. Iritziaren blogean, kolaboratzaileen eta ber­tze iritzi-emaileen artikuluak aurkituko dituzue, eta iruzkina egin nahi izanez gero, egin daiteke. Bota bertsoaren tartea, izenak berak dioen beza­la, bertsolaritzari eskainitakoa da, eta 11 galdera labur-ena, TTIPI-TTAPA aldizkarian izen hori daraman sailaren pa­re­koa. Eta sare sozialari lekua eginez, Facebook-­en  ere hortxe dago TTIPI-TTAPA.
Informazioaz aparte, bertzelako edukiak eta aukerak dituen webgunea da, beraz, www.ttipi.neten edizio berria. Eta Nafarroako Gobernuak TTIPI-TTAPAren web orriari dirulagun­tzarik eman ez ba­dio ere, lanean segi­tzen du egunero-egunero ahalik eta eduki interesga­rrienak modu argian eskainiz.

Mundu zabalean
Baztan, Bertizarana, Bortziriak, Malerreka, Lei­tzaldea eta Xareta ingu­rukoak dira www.ttipi.neten erabiltzaile gehienak. Baina hemen­dik­ kanpo ere baditu bi­si­tariak. Google Analytics kontatzailearen arabera, 2008ko irailetik honat mundu osoko 93 he­rrialdetako bisitariak izan ditu: Euskal Herria, espai­niar estatua, fran­tziar es­tatua, AEB, Alemania, Me­xiko, Erresuma Batua, Herbehereak, Argentina eta Txilekoak bereziki. Urte honetan, berriz, 57.914 bisita izan ditu www.ttipi.net-ek eta guztira TTIPI-TTAPA­ren 239.944 orrialde izan dira ikusiak. Eta eguneko bisita kopurua 330-en inguruan ibiltzen da, ba­tzuetan guttiago, ber­tzeetan gehiago.

Dirulaguntzarik ez
 TTIPI-TTAPAren web orria Nafarroako Gobernuaren dirulagun­tzarik gabe gelditu da aurten. Gobernuaren arabera, «eskatzen den guttieneko bisitari kopururik ez duelako».
 TTIPI-TTAPA aldiz­kariak, ordea, joan den urtean ez bezala, 13.146,88 euro hartuko ditu, baina 302.910 euroko aurrekontu bati aurre egiteko. Eskualdeko hedabideei dagokienean, TTIPI-TTAPAren diru-lagun­tza bera hartuko du Lei­tzako Karrape irra­tiak ere –au­rrekontua 35.000 eurokoa du– eta Xorro­xin irra­tiarentzat, berriz, 24.650 euro bideratuko dira ­–au­rre­kontua 198.852,04 eurokoa du–.

NAFARROAKO GOBERNUAREN 2010eko DIRULAGUNTZEN ANALISIA

Irratientzat laguntza handiagoa osotara kopurua ttikitu bada ere

Gobernuak irizpideak aldatu ditu 2010eko dirulagun­tzak banatzerakoan eta baita kopuruak ere. Aurten 220.000 euro banatuko ditu denetara (2004an 309.642 euro ziren), eta diruak banatzerakoan ere, irizpideak aldatu egin ditu, nabarmen gainera. Ondorioak dirulaguntzek izan duten bilakaeran ikusten ahal dira garbiago. Garbi gelditzen ez zaiguna da zein den aldaketa honen justifikazio eta arrazoia.

IRRATIEK 2008AN BAINO %41,18 GEHIAGO HARTUKO DUTE 2010EAN
2010eko ebazpena hartuta deigarri egiten da ikustea dirulagun­tza­ren kopuru absolutoa mu­rriztu den arren, 2008an baino 20.000 euro guttiago, irratien artean 2008an baino 37.296 euro gehiago banatu direla 2010eko dirulaguntzetan. Ho­rrela, bada, 92.270,92 euro hartuko dituzte aurten irratiek, 2008an baino %41,18 gehiago, 2008an 53.280,00 euro hartu baitzu­ten.

ALDIZKARIEK %17,54 GUTIAGO
Aldizkarien kasuan, aldiz, kontrako jokabidea hartu du Euskarabideak. 2008an 90.576,00 euro banatu zituen eta, aurten, 76.085,72 euro onartu ditu (%17,54 gutiago). Kasuak banan-banan ikusita, eta 2008an aldizkari bakoitzak jaso zuenarekin alderatuta, TTIPI-TTAPA da, diferentzia handiarekin, kaltetuen atera dena.

INTERNETEKO EDIZIOENTZAT %76,87 GUTIAGO
Bitxia da atal honetan Euskarabi­deak hartu duen erabakia: bakar bakarrik Guaixe.net-i eman diote diru­laguntza, diotenez, gainerakoek “nahikoa hedapenik” ez dutelako. Kasu honetan ere, zalantza serioak sortzen dizkigu hedapen datuak egiaz­tatzeko Euskarabideak erabili dituen kriterioen sendotasunak.
 
TELEBISTENDAKO BAT ERE EZ
Gaur egun Nafarroan emisio digitalean aritzeko lizen­tzia duen telebistarik ez dagoenez, hutsik utzi dute telebistendako dirulaguntzak. Alabaina, berriki sinatua dute hitzar­men bat Xaloa Telebista eta Euskarabidearen artean 10.000 euroko dirulaguntzarekin, ikus­entzunezko materialetan 100 ordu uztearen truke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun