Erleak guregana hurbiltzea sobera maite ez badugu ere, erraten denez, 500 gaixotasun baino gehiago sendatzeko gai dira. Eta bada erleak eta honen produktuak osasunerako erabiltzen dituen teknika bat ere: apiterapia Euskal Herrian ez dago hagitz hedatua eta esku bakarrarekin kontatzekoak dira dauden apiterapeutak, baina horietako bat Elgorriagakoa da. Ikastaroak egin eta titulazioa ere atera zuen Txilen, eta orain Doneztebeko Kimetz belar-dendan hartzen ditu gaitzak apiterapiarekin sendatu nahi dituztenak.
ERABILGARRIA
«Gaixotasun askotarako balio du, baina hemen gehien tratatzen direnak artrosia, artritisa, ziatika, diska etendura eta gerrimina dira. Ginekologiako gaitzak ere bai»
Nolatan sartu zinen erleen munduan?
2006an erleak paratzeko ikastaro bat egin nuen Fraisoron eta ikaragarri gustatu, eta liburu batzuk irakurtzen hasi nintzen. Baionako Unibertsitatean apiterapiari buruzko ikastaro bat ere egin nuen eta teknika izugarria zela ikusi nuen. Informazio bila hasi eta Txilen titulazioa ematen zuten eskola bat topatu nuen. Harat joan eta han ikasi nuen teknika eta titulazioa ere han atera nuen. Baina azken finean, egunerokoan ikasten da, bakoitza desberdina delako.
Zertarako balio du apiterapiak?
Gaixotasun aunitzetarako balio du, baina hemen gehien tratatzen direnak artrosia, artritisa, ziatika, diska etendura eta gerrimina dira. Ginekologiako gaitzak sendatzeko ere balio du, eta dermatologia arazoak, psoriasia, ekzemak, traumatismoak eta era guztietako oinazeak ere bai.
Zer moduzkoa izaten ari da erantzuna?
Ona. Mina kentzen du eta antinflamatorioa da, sistema inmunologikoa martxan paratzen du... Ez dira erleen ziztadak bakarrik erabiltzen. Bertze produktuak ere bai: eztia, erregina-jelea, propoleoa, polena.. Horiek ere hainbat ezaugarri dituzte eta kasuaren arabera, batzuk edo bertzeak gomendatzen ditut.
Apiterapia medikuntza gisa erabil daitekeela iruditzen al zaizu?
Kuban, gizarte segurantzaren barne dago eta ospitalean apiterapia kontsultara joan daiteke. Hemen ez da ezaguna, baina Txile, Venezuela, Japonia eta AEBetan aunitz erabiltzen da. AEBetan, erraterako, 50.000 lagun baino gehiago ari dira apiterapiarekin lanean. Esklerosi anizkoitza lantzen ari dira eta sendatu ez da eginen, baina hobetu bai.
Ba al du kontraindikaziorik?
Kontraindikaziorik haundiena alergikoa izatea da, eta horregatik alergia proba eskatzen dut beti. Hagitz jende gutti dago alergikoa dena, eta nahiz eta nik horren kontrako txertoa izan, ez diet momentu txarrik pasarazi nahi. Insulinaren menpeko diabetikoek, giltzurrunetako gutxiegitasuna dutenek eta haurdun daudenek ere ezin dute. Kasu guttitan dago kontraindikatua. Erleak zituen jendea luzaroagoan bizi zela konturatuta hasi ziren aztertzen, eta erleen ziztandengatik zela ikusi zen.
Zer egiten duzu zure kontsultan?
Normalean elkarrizketa bat egiten dugu. Apiterapian diagnostikatzen ikasi ez dugunez, diagnostikoarekin etortzeko eskatzen dut. Halere, kinesologia ikasten nabil eta diagnostikatzen ikasten ari naiz. Bentosarekin masajea emateko ikastaroa ere egin nuen eta masaje ayurvedarena ere bai. Emozionalki eta burutik ere gaitza aunitz etortzen zaizkigulako ikasi ditut. Eta behin kontsultan, pintza berezi batzuekin erlea hartu, eta gaitzaren arabera, puntu jakinetan uzten dut. Apiterapia egiteko apipuntura teknika erabiltzen dut, eta erleak apipunturako puntuetan ziztatzen du, baina ez diot ezten guztia hor uzten. Eztena hartu eta hainbat punturara banatzen dut. Gainera, erleek gorputzeko desoreka energetikoak ere somatu eta hor ziztatzen dituzte. Berez, gorputza bera sendatzen da erleen laguntzarekin.
Erleak desagertzen ari direla erraten da...
Eta hagitz kaltegarria izan daiteke. Erraten dute, erleak desagertuta, bi urtetan mundua akituko dela. Garai batean ia baserri edo etxe guztietan izaten ziren erleak, baina orain ez. Jendea erleak jartzera animatuko nuke.