Bera eta Baztango Basaburua nagusitu dira Nafarroako Herriz Herri Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2010eko abuztuaren 30a

Berako taldeak lehendabiziko eta bigarren postuak eskuratu ditu Herriz Herri Txapelketan.

Berako taldea lehen proba konbinatuan atera da garaile eta Basaburua bigarren konbinatuan

Bi proba konbinatutan lau talde aritu dira lehian eta lehendabizikoan Berako taldea atera da garaile eta bigarrenean Baztango Basaburua

 

Joan den larunbatean, abuztuak 28, jokatu zen Nafarroako Herriz Herri Txapelketako azken jardunaldia eta finala Berriozarren, eta eskualdeko taldeak, Berakoa eta Baztango Basaburua, txukun ibili ziren.

Bi proba konbinatuetan aritu ziren lehian: lehendabizikoan, txokor biltzen, zaku lasterketan, lasterka eta arpanean eta bigarrenean lastoa botatzen, txinga-eramaten eta ingudea altxatzen.

Lehendabiziko konbinatuan, finala jokatu zen, aitzineko hiru jardunaldietan hobekien moldatu ziren hiru taldeen artean: Bera, Ultzama eta Berriozar. Eta ordura arte bezala, beratarrak fin egin zituzten lanak: 18:18.77ko denbora eginez nagusitu ziren. Bigarren Ultzamako taldea gelditu zen (19:13.40) eta hirugarren Berriozar (19:37:44). Baztango Basaburua ez zen finalerako sailkatu.

Bigarren proba konbinatuan, bertzalde, liga sistema erabili da eta lau jardunaldietako puntuak batuta Basaburuak lortu zuen emaitzarik onena: 14 puntu. Puntu erdira gelditu zen Berako taldea (13,5 puntu). Hirugarren Berriozar gelditu zen (8,5 puntu) eta laugarren Ultzamako taldea (4 puntu).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun