Egun goraberatsua izan zen atzokoa gure errepideetan

Ttipi-Ttapa 2010eko abuztuaren 25a

Goizean Beratik Ibardinerako bidean bi kamioik elkar jo eta errepidea 5 orduz itxita egon zen. Arratsaldean, bi lagun zauritu ziren Gorramendiko bidean ibilgailua errepidetik aterata zenean

Gorabehera bat baino gehiago izan ziren atzo eskualdeko errepideetan. Bi istripu izan ziren aipagarrienak: Beratik Ibardinerako tartean gertatutakoa eta Baztanen Gorramendi pasatu zena. Goizean, 10:00 aldera, Ibardinerako bidean, NA-1310 errepideko 4. puntu kilometrikoan gertatu zen lehena. Bi kamioik elkar jo eta gidarietako bat ibilgailu barrenean ezin atera gelditu zen kabinaren barnean hanka harrapatuta zuelako. Ordubete baino gehiago behar izan zuten gidaria ateratzeko. Azkenean, Irungo Ospitale Komarkalera eraman zuten gidaria, 'pronostiko erreserbatuko' zauriekin. Istripuak hala behartuta, errepidea itxi behar izan zuten bortz orduz. 

Baztanen, bertzalde, bi lagun zauritu ziren mendiko ibilgailu bat bidetik atera eta amildegian beheiti erori zenean. Arratsaldean, 18:00 aldera gertatu zen ezbeharra eta 44 urteko gizona eta 17 urteko gaztea zauritu ziren. Azken hau bere gisara atera zen ibilgailutik, baina gidatzen ari zen gizonezkoa barrenean gelditu zen atera ezinik. Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak izan ziren gizona atera zutenak. Helikoptero batean Iruñeko Nafarroako Ospitalera eraman zuten, pronostiko erreserbatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun