Zubietako Udala arduratzen da herriko bestak antolatzeaz, baina herritarren laguntza handia izaten dutela aipatu digu Patxiku Mitxelena alkateak, “horretan ez dugu problemarik, gazteek laguntzen dute, emakumeek… denak eskua botatzeko prest izaten dira”. Aurrekontuan ez dute aldaketa handirik izanen, “joan den urtean bezalatsu, 10.000 euro ingurukoa izanen da”, adierazi digu, ezta egitarauan ere. “Gauza gehiago egitea gustatuko litzaiguke, baina alde guzietatik estutzen ari dira eta ez da laguntzarik izaten, beraz, lehengoari heldu beharko diogu”. Alde horretatik, aizkora apustu polita plantatu dute Amabirjin Eguneko meza ondorako, herriko Mikel Mindegia eta Jose Antonio Loiarte, Patxi Mindegia eta Ander Erasun aurtiztarraren kontra ariko baitira, beteranoak gazteen kontra. ”Aizkorak ezin du hutsik egin”.
Aurten halere, egun bat haurrentzat berexi dute. “Bertze urteetan ere egiten genituen umeentzako gauzak, baina aurten espreski beraiei eskainitako eguna izanen dute”, jakinarazi digu Mitxelenak. Dirua izanez gero gauza gehiago ere ekar litezkeela uste du, “hau eta hori erraten dugu, baina diruak manejatzen du dena, gutti goiti beheiti zer ekartzen ahal den edo zer egiten ahal den, borondatearekin gauza aunitz egiten ahal dira, baina horretaz aparte, sosa behar da gauzak ekartzeko. Zubietan haur asko ditugu eta dirua izanez gero, horientzako zerbait gehiago ekarriko genuke, nik horrela ikusten dut”.
Azkenean, bestak prestatzea kasik urte osoko lana izaten baita. “Duela hiru-lau hilabete itxi genuen orkestren kontua, baina urtarriletik hasi ginen horretan. Bertze gainerakoak pixkan-pixkan lotzen joaten gara” dio. Bestak hasteko, Baztanen bai, baina Malerrekan leku guttitan ikusten den ohitura dute Zubietan, arbola altxatzea. “Ez dakit noizko ohitura den, –dio Mitxelenak– baina nik beti ezagutu dut, hortik atera kontuak. Hemen betidanik egiten da, ez dut ideiarik ere noiz hasi zen”.
Beretzako bereizteko ez du halako ekitaldi berexirik Zubietako alkateak, “neretzat denak igualtsuak izaten dira”, baina “jende gehixeago ibiltzen da bezperako arbola goitze horretan, jenderik gehiena ibiltzen den eguna izaten da. Joan den urtean ere izugarrizko jendetza bildu zen eta aurten larunbatarekin denez, bisitari aunitz izanen ditugu”, erran digu Zubietako alkateak.