Andre Mari bestetako antolaketa lanetan urtarrilean hasten dira Etxalarren. Patxiku Irisarri alkateak aipatu digunez, “bilera bat egiten da herriko eragileekin, ideiak eta proposamenak botatzeko. Udal kultur zinegotzia, Altxata elkartea, Guraso Elkartea, gazteak… elkartzen dira. Musika taldeekin ere lehenbiziko kontaktua orduan egiten dugu, abuztuaren 15ean alde guzietan bestak direlako eta abudo mugitu behar delako”. Programa Udalak egiten du berez, baina gauza puntualak talde horiek egiten dituzte. Herri afaria erraterako, edo Asau Eguna, mus txapelketa gazteek egiten dute, Asau Ttiki Guraso Elkarteak… Programa bera, musika, kanpoko herri kirolak, udaletxeak kontratatzen ditu. Berrikuntza handirik ez da izanen eta azkeneko urteetako ildotik segituko du egitarauak. “Duela bizpahiru urte mariatxiak ekartzen hasi ziren eta jendeak hagitz gustuko ditu eta aurten ere ekarriko dugu Txutxin Ibañez. Bertze aldetik, Asau Egunean arratsaldean ez zen bertzerik izaten, baina azken urteetan haurrentzat zer edo zer jartzen dugu eta horrek ere badu arrakasta”, dio Irisarrik.
2006ko Asau Egunean gertatutako “gehiegikeriak” azkeneko urteetan nolabait bideratu direla ere aipatu digu alkateak: “Asau Eguna badakigu zer den, zakarkeria eta bakoitzak bere burua libre sentitzea, baina orduan lohiarekin kotxeak marrakatu ziren eta aldaketa batzuk egin genituen ibilbidean: landatik joaten zen eta buelta karreteratik egiten zen eta orduan aldatu genuen, segurtasunagatik, buelta berriz ere landatik egiten da, arriskuak ekiditeko. Aldaketak beti zailak izaten dira eta lehen urtean batzuk errepidetik bueltatu ziren, baina geroztik nahiko ongi bideratua dago”.
Besten aurrekontua joan den urtean bezalatsu mantendu dute Etxalarren, “30.000 euro izaten dugu eta horretan sartzen da Usategietako Igandea ere. Bestak 27.000 euro inguru horretan ibiliko dira”. Pertsonalki, bezpera da gehien gustatzen zaiona alkateari, “gogoekin hartzen direlako bestak eta herri afarian jende pila elkartzen delako. 800 laguneko herri batean 230 bat elkartzea afarian, horrek erakusten du jendearen parte hartzeko gogoa. Bertze egunek ere badute bere xarma” aipatu digu. Gazteek duela hiru urtetik honat paratzen duten txoznak plazako giroa bizitu duela ere uste du alkateak: “Horrek bere ardura ekartzen du, txandak osatu behar dira, baina pozik gaude. Lehen musika talde bat ekarri eta ez zen jenderik ibiltzen dantzan, baina orain, txoznaren arrimoan animatzen da jendea. Gazteek ere hortik ateratzen duten dirua erabiltzen dute euren gauzak egiteko, sagardotegira autobusa antolatzeko eta bertze gauzetarako”.