“Bestetako azken egunean bixita egiten diegu mojei eta arront egun polita da”

TTIPI-TTAPA 2010ko abu. 5a, 17:26

Iñaki Telletxea zinegotzia. TTIPI-TTAPA

Donamariako bestak

Donamariako Udala eta gazteak arduratzen dira bestak antolatzeaz, Iñaki Telle­txea kultur zinegotziak aipatu digunez. “Martxo aldera herriko gazteekin elkartzen gara musika taldeen inguruan aritzeko eta ekain hasieran gainerako gauzetaz arduratzen gara: herri kirolak, gazte jokoak….”, dio. Berrikuntza handi­rik ez dute izanen egitarauan, baina patata tortilla lehiaketa ondotik egiten den afaria, kantu afaria bilakatu nahi dute aurtengoan. “Ez, orokorrean urteroko programa beretsua prestatu dugu. Berrikuntza bezala, abuztuaren 17an, patata tortilla lehiaketa ondotik egingo den kantu zaharren afaria aipatzen ahal dugu. Egun honekin normalean 200 lagun inguru biltzen gara herriko frontoian afaltzeko eta aurten orri batzuk banatuko ditugu tripa bete ondotik kantuan aritzeko. Espero dugu jendeari gustatzea”, adie­razi digu.
Aurrekontuari dagokionez, joan den urtekoaren berdintsua izanen dela jakinarazi digu. Bere ustez, bestetako egunik arrakastatsuena azken eguna izaten da, herri bazkariarekin.“200 lagun inguru biltzen gara, –dio Telletxeak– he­rritar gehienak bertan izaten gara. Azken eguna izanta besta haundia egiten dugu eta sekulako giroa izaten da. Abuztuaren 16ean egi­ten den aizkora apustuan ere jende aunitz biltzen da, herrikoa eta kanpotarra”. Bestetako azken egunak bertze berezitasuna ere izaten du, herritarrak komentura joaten baitira mojak bixi­tatzera. “Egun hau berexia izaten da denentzat. Herritar gehienak elkartzen gara, adin guzietakoak eta bazkari ederra egiten dugu. Bazkaldu ondotik bertsolari eta musikariekin komentura joaten gara eta han ber­tsolariek bertsoak eskaintzen dizkiote mojei. Bertara joaten garenok ere abesti batzuk kantatzen ditugu. Mojek ere kantu batzuk abesten dituzte eta jota eta arin-arina dantzatzen dute. Gustura hartzen gaituzte beraiek. Urte osoan ikusten ez duten jendea agurtzen dute, jende berria ezagutzen dute… Eta esker moduan erros­kila bandeja batzuk ere banatzen dituzte guztion artean jateko. Arront egun polita da hau”, aipatu digu Iñaki Telle­txeak. Egun hauetan, kargua eta bestarako gogoa uztartu behar izaten dute alkate eta zinegotziek.“Niri eta gainerako zinegotziei egun hauetan lan pixka bat egitea tokatzen zaigu, herri bazkarirako gauzak erosi, antolatu, aizkora apusturako egurrak prestatu, egunean eguneko ekitaldiak pixka bat antolatu… Amabirjin Egunean ere elizara joaten gara Meza Nagusia entzutera. Hala ere, bete beharrak eta besta ongi uztartzen ditugu” erran digu. Donamariako bestetan ez du deusen faltarik somatzen, baina dantzaldietan jende helduak gehiago parte hartzea gustatuko litzaioke: “Ez, ez dut deus faltan somatzen. Igual, lehen jende heldua gehixeago ateratzen zen. Egunez jendea mugitzen da baina arratsean ez da lehen bezala, dantzaldian lehen heldu gehiago izaten zen, orain gazteagoak egoten dira. Ea aurtengoan gehixeago animatzen diren!”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun