Mendia edo hondartza. Honela laburbiltzen zen orain urte batzuk arte oporraldietarako eskaintza. Gaurko egunean aunitz zabaldu da aukera hori eta badira oporrak kirol eginez edo naturarekin lotura duten jardueretan parte hartuz pasatu nahi dituztenak. Turismo aktiboa gogoko duten horientzat hainbat enpresa sortu dira azken aldian eskualdean.
Gaur egun ugariak dira gure inguruan turismo aktiboa eskaintzen duten enpresak. Hondartzan egonean egon nahi ez dutenek, mendi ibilaldi gidatuak, ur-aktibitateak, zaldi ibilaldiak, paintball, mendi bizikleta, espeleologia edo azken aldian furi-furian dagoen segwayean ibiltzeko aukera daukate, gure ingurutik mugitu gabe. Baina eskaintza hori ez da hain aspaldikoa.
Arlo honetan aitzindari izan zen BKZ Bidasoa Kultur Zerbitzuetako Mattari Altzuartek aipatu digunez, 1993an hasi zirenean, «batere landu gabeko sektorea zen». Batez ere ikastetxeekin lan egiten dute ikasturtean zehar, Altzuartek aipatu digunez: «Gure zerbitzuaren %80 inguru eskolei zuzendutakoa da, udalekuak… %20a izanen zen turismo aktiboari dagokiona, landetxetara etortzen den jendea, batez ere familiei enfokatua… Guk eskaintzen dugun kainoi jautsiera edo Bidarraiko piraguak, hasierako mailakoak dira, lehen aldiz egiten dutenentzat».
Arizkungo Ordoki zalditegian ere 18 urte daramazkite zaldi ibilaldiak eskaintzen.«Hona etortzen den turista mendiak ikustera eta lasai ibiltzera etortzen da, gu ibiltzen gara lekuetan ez da jenderik ibiltzen, lehengo karrobidetan ibiltzen gara eta ahal bezain guti ibiltzen ditugu pistak. Naturarekin lotua dagoen aktibitatea da», dio Francis Iriartek.
Arantzako Aterpe eta Beintza-Labaiengo Orbela aterpeen arrimoan, mendi ibilaldi gidatuak, espeleologia eta bertze hainbat aukera eskaintzen dituzte, urtean zehar ikasleendako batez ere eta udan eta asteburuetan turistei begira. Orbelako Mikel Albisuk aipatu digunez, «aurten 2.000 lagun inguruk parte hartuko du gure aktibitateetan. Bezero tipologiari dagokionez, %65 eskola eta aisiarako taldeak dira, %30 familiak eta kuadrilak asteburuetan eta %5 talde txikitan».
Eskaintza biderkatu
Baina azken bi urteetan, eskaintza hori biderkatu egin da. Basoan Zerbitzu turistiko enpresak ibilaldi gidatuak eskaintzen ditu 2008ko udatik honat. Maialen Escaladak adierazi digunez, «Bertiz da lokomotora edo ardatz nagusia, baina bertze gauza batzuk eskaini nahi ditugu». Horregatik, Bertizko basoan ibilaldi gidatuak eskaintzen ditu, «biodibertsitatea ezagutu, gizakiarekin duen interakzioa, basoaren erabilera, ikazkinak, mitoak eta kondairak… Bertizera etortzen den jende gehiena ez da basora sartzera ausartzen, eta hori bidexkak ederki seinalatuta daudela!», dio. Baztan-Bidasoan bertzelako ibilaldiak ere eskaintzen dituzte eta aterpean egiteko jarduerak landu nahi lituzke.
Leurtza Abenturak familian egiteko jarduera bereziak eskaintzen ditu joan den urteaz geroztik. Mitxel Ibarrolaren erranetan, «Leurtza Abenturako baliabideak erabiltzen dituzten gehienak familiak dira eta naturaz gozatzeko denondako ekintzak bilatzen dituzte. Uda garaian kanpoko jendea ibiltzen da. Udaberrian eta udazkenean berriz hemengoak, Euskal Herriko jendea despedidetan… Proposatzen ditugun ekintza berriak ere, gustura dastatzen dituzte».
Doneztebeko Ameztia jatetxearen arrimoan sortu berri da Bertiz BTT mendi bizikleta zentroa eta Berako Auzoa ostatuaren inguruan, Berako turismo aktibo eskaintza bateratu egin da Auzoa Extremen. Turismo aktiboa egiteko aukera ugaritzera datozen azkeneko bi enpresak.
AUZOA EXTREME BERAN - BERTIZ BTT DONEZTEBEN | 2CV eta mendi bizikleta
Turismo aktiboaren arloan bi negozio berri sortu dira aurten. Berako Auzoa Extremeko etxeko ezaugarria Citroën 2CVan egiten diren ateraldiak dira, baina bertze hainbat jarduera eskaintzen ditu. Joxerra Mitxelenak aipatu digunez, «Auzoa hostalera etortzen den jendeak beti galdetzen zuen zer egin zezakeen. Zerbait egin behar genuela gogoratu zitzaigun eta mugitzen hasi ginen. Duela bizpahiru urte hasi nintzen segway-en ibiltzen, probatu eta aunitz gustatu zitzaidan. Honat ekarri eta Ibardinen barna eta bertze lekuetan ibiltzen hasi nintzen; mendia ikusten ahal duzu nekatu gabe… Batek bizikleta zuela, bertze batek paintball, bakoitza bere aldetik ibiltzen zen jendea elkartu eta nolabait Auzoan bildu dugu eskaintza hori, hori da gure operazio-zentroa eta hortik koordinatzen da, baina denen ekimena da». Doneztebeko Ameztia jatetxearen arrimoan Bertiz BTT mendi bizikleta zentrua osatu dute. «500 kilometro baino gehiago duten 12 ibilbide egin ditugu –dio Jorge Iribarrenek–, maila ezberdinekoak, GPSan eta kartografian bilduak. Ibilbide bakoitzak bere eskuorria du, luzera, desnibela, banaz bertzeko denbora, zailtasuna, bidegurutzeen argazkiak biltzen dituena. Hiru lagun aritu dira lanean bortz hilabetez horretan». Lokalean dutxak, tailerrak, garbiketa gunea, etxera itzultzeko furgoneta… eskainiko dituzte. «Aspaldian genuen buruan ideia, eta Bide Berdearen eta Euroveloren kontua atera zenean, azken bultzada eman genion, kasik 130 metro koadroko bajera hartu eta sartu ginen kontu honetan», dio Iribarrenek.
ATERPE | Aterpea eta aunitz gehiago
• Noiz hasia: 1994
• Herria: Arantza
• Webgunea: www.arantza.net
• Telefonoa: 948 634179 - 647 759140
• Arduraduna: Xabi Zugarramurdi
• Zerbitzuak: 114 litera eta bikoteentzako 4 logela eskaintzen dituen aterpea, espeleologia Arruzpiko kobazuloan, mendi itzuliak, zuhaitz parkea, udalekuak euskaraz, ibilaldi gidatuak…
• Denboraldia: Urte osoa. Irailean eta Eguberrietan itxita.
AUZOA EXTREME | Beran lehen aldiz aukera berezia
• Noiz hasia: 2010eko ekainaren 15ean
• Herria: Bera
• Webgunea: www.auzoaextreme.com
• Telefonoa: 948 631584 - 605864355
• Arduraduna: Joxerra Mitxelena
• Zerbitzuak: Segwayarekin ibilaldiak, buggyak, bizikleten alokairua, ur-motoak Donibane Lohizunen, paintball, zaldi ibilaldiak, trekking, parapente, kayak, 2 CV ibilbideak…
• Denboraldia: Urte osoa.
BASOAN | Ingurua ongi ezagutzeko ibilaldiak
• Noiz hasia: 2008ko uda
• Herria: Oieregi
• Webgunea: www.basoan.com
• Telefonoa: 699 771374
• Arduraduna: Maialen Escalada
• Zerbitzuak: Senderismoa, ibilaldi gidatuak Bertizen «basoa eta ingurua bertze begirada batekin ikusteko» eta Baztan-Bidasoan (Agoteen Ibilaldia Bozaten, Gorramendiko Megalitoak…). Neurrira prestatutako ibilaldiak.
• Denboraldia: Urte osoa.
BERTIZ BTT | Mendi bizikletaz gozatzeko
• Noiz hasia: 2010eko uztail hasieran
• Herria: Doneztebe
• Webgunea: www.bertizbtt.com | www.ameztia.com
• Telefonoa: 948 450028
• Arduraduna: Jorge Iribarren
• Zerbitzuak: 12 mendi bizikleta ibilaldi eskualdean, markatuak GPSarekin eta kartografiarekin. Dutxak, aldagelak, tailerra, garbiketa-gunea, furgoneta zerbitzua etxera itzultzeko.
• Denboraldia: Urte osoa.
BKZ | Turismo aktiboan aitzindaria
• Noiz hasia: 1993
• Herria: Narbarte
• Webgunea: navarraaventura.com
• Telefonoa: 948 592322 - 609 461741
• Arduraduna: Mattari Altzuarte
• Zerbitzuak: Rafting, ur lera, piragua, kanoraft, zintzur jaitsiera, soka zirkuituak, paintball, mendi bizikleta… Bertiz Abentura Park, autobusa, Bidarraiko ur basea, aterpea, neguan ski alpinoa…
• Denboraldia: Urte osoa.
LEURTZA ABENTURA | Eskaintza berriak eta bereziak
• Noiz hasia: 2009ko uda (enpresa 2008ko abenduan sortua)
• Herria: Doneztebe
• Webgunea: www.leurtza.com
• Telefonoa: 620 379642
• Arduraduna: Mitxel Ibarrola
• Zerbitzuak: Mendi bizikleten alokairua orduka edo egun osoz, segway x2, altxorbiling, disc-golf, paintball laser, festetako puzgarriak, bisita gidatuak, piraguak, senderismoa…
• Denboraldia: Urte osoa.
ORBELA | Aterpea, ibilaldiak, espeleologia
• Noiz hasia: 1996
• Herria: Beintza-Labaien
• Webgunea: consorciobertiz.org (mendi ibilaldiak)
• Telefonoa: 948 450014
• Arduraduna: Mikel Albisu
• Zerbitzuak: 44 lagunendako aterpea eta ibilaldi gidatuak talde, ikastetxe eta familientzat. Espeleologia Lezealdeko kobazuloan, udalekuak euskaraz
• Denboraldia: Urte osoa, urtarrila eta otsaila izan ezik.
ORDOKIA ZALDITEGIA | Neurriko ibilaldiak zaldi gainean
•
Noiz hasia: 1992
•
Herria: Arizkun
•
Webgunea: www.ordoki.com
•
Telefonoa: 948 453026 - 616160115
•
Arduraduna: Francis iriarte
•
Zerbitzuak: Zaldi ibilaldiak, hasi ordubetekotik eta aste osora artekoak. 12 lagunetik goitiko taldeentzat eskaintza bereziak. Landetxe eta aterpeekin duten harremana medio, lotarako aukera ere eskaintzen du.
•
Denboraldia: Urte osoa.