Azken saioaren faltan Bera eta Baztango Basaburua dira Herriz Herri Txapelketa irabazteko faboritoak

Ttipi-Ttapa 2010eko abuztuaren 23a

Igor Lasaga eta Jabier Galarregi dira Berako taldeko arpanlariak.

Hiru jardunaldi jokatu dira eta orain arte, lehen proba konbinatuan Berako taldea, eta bigarrenean Baztango Basaburua nagusitu dira

Bi proba konbinatuetan ari dira parte hartzen, eta jokatu diren hiru jardunaldietako emaitzak kontuan hartuz, lehen konbinatuan Berako taldea da nagusi eta bigarrenean Baztango Basaburua

Heldu den larunbatean, abuztuak 28, jokatuko da Herriz Herri herri kirol txapelketako azken jardunaldia Berriozarren. Baina Beran –abuztuaren 1ean–, Arantzan –abuztuaren 14an– eta Elizondon –abuztuaren 21ean– jokatu diren saioen ondotik, lehen proba konbinatuan Berako taldea eta bigarren proba konbinatuan Baztango Basaburua dira sailkapenean lehendabizikoak. Bertze bi taldeak Berriozar eta Ultzama dira.

Lehen proba konbinatuan txokor biltzen, zakuarekin, lasterka eta arpanean ari dira, eta jokatu diren hiru jardunaldietatik bi irabazi ditu Berako taldeak: Berakoa eta Elizodondokoa. Eta Berriozarrek Arantzako lehia. Hiru jardunaldietako denborak batuz, Berak 58:01:35eko denbora du; Berriozarrek 59:45:40koa; Basaburuak 62:28:71ekoa eta Ultzamak 61:30:68koa. Larunbateko finalerako txartela lortu dutenak jardunaldietako hiru talde onenak izan dira eta beraz, Berak, Berriozarrek eta Basaburuak neurtuko dituzte indarrak.

Bigarren proba konbinatuan, berriz, lastoa botatzen, txinga-eramaten eta ingude-altxatzen ari dira eta honetan abilenak baztandarrak dira. Orain arteko saioen ondotik, 11 puntu eskuratu dituzte; Berak 9,5; Berriozarrek 6,5 eta Ultzamako taldeak 3. Kasu honetan, liga sistema erabiltzen ari direnez, lau jardunaldietako puntuak batuta erabakiko da guztia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun