Hainbat herri kirol saio jokatuko dira asteburu honetan, eta horietako gehienak txapelketak izanen dira. Ortziralean Nafarroako txokor biltze txapelketa jokatzekoa da Burlatan; larunbatean Nafarroako Herriz Herri Txapelketako III. Jardunaldia Elizondon eta igandean Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa Gorritin.
Igeldoko Harria Txapelketa
Donostiako Aste Nagusiaren barne ohiko bihurtu den Igeldoko Harria Txapelketa jokatuko da larunbat honetan, abuztuak 21. Donostiako Trinitate Plazan –Alde Zaharrean– izanen da, 19:30ean hasita, eta Igeldoko itsasertzetik eramandako 134 kiloko harri baldarrarekin, bortz minutuko txandan ahalik eta jasoaldi gehien eman beharko dituzte harri-jasotzaileek.
11 kirolari ariko dira guztira lehian, eta horien artean daude Xabier Ariztegi etxalartarra eta Unai Bertiz sunbildarra. Ariztegirentzat txapelketa honetan parte hartzen duen lehendabiziko aldia da. Bertizek, ordea, lehen ere probatua du harri hau: 2009an bosgarren sailkatu zen bederatzi jasoaldi egin ondotik eta 2008an zazpigarrena izan zen, zazpi altxaldi eginda.
Nafarroako Txokor Biltze Txapelketa
Ortziral honetan, abuztuak 20, 19:00etan hasita Nafarroako Txokor Biltze Txapelketa jokatuko da eta parte hartuko duten bortz kirolarien artean hiru eskualdekoak izanen dira: Fernando Etxegarai beratarra, Patxi Irazoki igantziarra eta Unai Iantzi aniztarra. Bi lerrotan, 1,25 metrotara paratutako 50 txokor bildu beharko dituzte.
Nafarroako Herriz Herri Txapelketa
Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Herriz Herri Txapelketako hirugarren kanporaketa larunbatean jokatuko da Elizondon, 19:30etik aitzinera. Berriozar, Baztango Basaburua, Ultzama eta Bera dira parte hartzen ari diren taldeak, eta finala abuztuaren 28an jokatuko dute Berriozarren.
Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa
Igandean, berriz, Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da Gorritiko Sorogain pilotalekuan. 10 aizkolari ariko dira lehian, eta tartean Antonio Jaunarena zubietarra, Xabier Mindegia eta Jexux Etxeberria Beintza-Labaiengoak eta Arkaitz Olano leitzarrak. Aizkolari bakoitzak hiruna pago-enbor ebaki beharko ditu: bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat. Eta lehen bortz aizkolariek finalerako txartela lortuko dute.