7 segundurengatik ez da hirugarren mailako finalean izanen Joxeantonio Loiarte zubietarra

TTIPI TTAPA 2010eko abuztuaren 11

Aian abuztuaren 10ean jokatutako kanporaketan Julen Kañamares eta Unai Otañok lortu zuten txartela

Julen Kañamaresek eman zuen abuztuaren 10ean ezustekoa Aian jokatu zen Hirugarren Mailako aizkolarien bigarren kanporaketa irabazi ondotik. Berarekin batera, saioa irabazteko faborito nagusia zen Unai Otaño sailkatu zen finalerako. Joxeantonio Loiarte zubietarra ere ez zen urruti ibili, Otañok baino 7 segundu gehiago behar izan baitzituen lanak akitzeko.

Julen Kañamaresek eman zuen abuztuaren 10ean ezustekoa Aian jokatu zen Hirugarren Mailako aizkolarien bigarren kanporaketa irabazi ondotik. Berarekin batera, saioa irabazteko faborito nagusia zen Unai Otaño sailkatu zen finalerako. Guztira bederatzi aizkolari neurtu ziren, azken orduan kirolari batzuek ezin izan baitzuten parte hartu, lesioak direla-eta. Lehiakide bakoitzak lau enbor kana-erdiko moztu behar izan zituen, eta lehenbiziko bientzako zen finalerako txartela.

Unai Otaño eta Josu Aizpuru ziren finalera sartzeko faborito nagusiak. Ibarrakoak, bi urteko zigorra gainditu ondotik lehen Euskal Herriko Txapelketa zuen, eta lehen zuen maila berreskuratzeko asmoarekin ekin dio aurten. Bera zen atzokoa irabazteko faboritoa, eta txapela janzteko faboritoa ere bera da. Lehen enborretan nahikoa gaizki aritu zen, halere; baina poliki-poliki hobetu zuen, eta helburu nagusia lortu egin zuen. Ezusteko nagusia Julen Kañamaresek eman zuen. Aroztegikoa behetik indartsu datozen aizkolari gazte horietakoa da, eta finalera sailkatzeaz gain, itxura ederra eman zuen. 8 minutu eta 47 segundu behar izan zituen bere lana egiteko. Finala, ordea, beste kontu bat izanen da, lana ere handia izango baitute aizkolariek.

Atzoko bertze ezusteetako bat Zubietako Joxeantonio Loiarte beteranoa izan zen. Otañorengandik hagitz gertu gelditu zen, 7 segundu eskasera. Ibarrakoak 9 minutu eta 26 segundu behar izan zituen eta Zubietakoak 9 minutu eta 33 segundu. Ez da finalean izanen Loiarte, baina aski gertu akitu zuen lana eta itxura ederra eman zuen, konpetizio ofizialerako itzuleran.

Dagoeneko lau aizkolarik lortu dute finalerako txartela, izan ere, Jauregi eta Erdozia lehendik sailkatuta daude. Bertze bi postuak noren esku geldituko diren datorren asteartean, abuztuaren 17an, argituko da Azkoitian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun