Francisco Errandonea alkateak botatako txupinazoak hasiera eman zion astearte arratsaldean Sunbillako San Tiburtzio bestei. “Herriko Etxean azkeneko urtea izanen dut seguruenik, urte aunitz dira eta erreleboa behar dugu eta horregatik, aurten txupinazoa neronek botatzea pentsatu dut” zioen alkateak.
Bertze herrietan bezala, aurten ere besten aurrekontua murriztu egin da Sunbilla, “%30 inguru jautsi da eta 24.000 euro ingurukoa izanen da”. Lehen suziriaren ondotik, kalejira egin zuten gaiteroek, erraldoi eta buruhandiekin eta Jaiak txarangarekin batera.
Aitzinetik, ordea, herri kirol ikuskizun bikaina izan zuten aurtengoan ere Sunbillan. Joan den urtean gizon-proba izan bazuten, aurtengoan proba konbinatu berezia izan zuten, lehengo baserriko lanak eta oraingoak aurrez aurre paratuz edo bertze modu batera erranda, gizona makinaren kontra.
Eskulangileen taldean zazpi lagun zeuden: Iñaki Mikelarena eta Arkaitz Vicente segalariek 100 metro koadroko belagia moztu zuten; bertze hiru kirolarik, Aitor Agirre, Gaizka Elizalde eta Xabier Petrirenak belarra bildu eta bizkar gainean garraiatu zuten, 120 metroko zirkuituari bi itzuli emanez eta Unai Bertiz eta Daniel Bertiz trontzalarie bortz korte eman behar zizkioten 45 ontzako enborrari. Ariketa hau hiru aldiz egin behar izan zuten.
“Motorizatuen” taldean, berriz, Lucio Irazokik 100 metro koadroko eremua desbrozadorarekin moztu zuen, gero Iñigo Anzizar eta Iñigo Arrietak belarra bildu eta David Ezkurrak gidatzen zuen Jumperrean zamatu zuten eta honek ere bi itzuli eman zizkion 120 metroko zirkuituari eta akitzeko, Asier Bertizek hamabi epai egin behar zizkion 54 ontzako enborrari. Hauek ere hiru aldiz egin zuten lana.
Proba osoa berdindua joan zen, baina azkenean eskulanean aritu zen koadrilla nagusitu zen, 24 minutu eta 37 segunduko denborarekin. Motordunek 15 segundu gehiago behar izan zuten.
Antton Espelosin antolatzailea kontent ageri zen, jendetza handia bildu zelako eta heldu den urterako bertze zerbait prestatzen hasi beharko duela onartu zuen: “Gazte hauekin erraza da, edozer gauza eskatuta ere prest baitaude lanerako”.
San Tiburtzio eguna abuztuaren 11n
Abuztuaren 11n, asteazkenean, San Tiburtzio egun handia ospatuko dute. 09:30ean argi soinuak joko dituzte gaiteroek. 11:00etan Meza Nagusia aditu ondotik, 12:15ean Sunbillako dantzariak ariko dira eta aperitiboa izanen da plazan. 18:00etan, Aspeko profesionalen arteko pilota partida jokatuko da. 22:30ean su artifizialak izanen dira, Astondoa pirotekniaren eskutik. Arratsalde eta gauez dantzaldia izanen da Trikidantz taldearekin.
Ortzegunean Haurren Eguna
Abuztuaren 12an, ortzegunean, Haurren Eguna ospatuko da. 09:30ean Argi soinuak. 11:00etan Txirrindulari proba. 10:30etik 13:15era pottokak ibiliko dira igerileku ondoko belagian. 11:00etan Plater-tiroketa izanen da. 16:00etatik 20:00etara haur jokoak eta puzgarriak. Arratsalde eta gauez dantzaldia izanen da Joxe Angel akordiolariarekin.
Koadrilen Eguna ortziralean
Abuztuaren 13an, ortziralean, Koadrilen Eguna izanen da. 09:30ean Argi soinuak joko dituzte. 10:00etan mus txapelketa jokatuko da. 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara tren txutxua ibiliko da. 14:30ean Koadrilen bazkaria izanen da Ulibeltzak elkartean Jaiak txarangarekin. 17:00etan Trikitixa jaialdia izanen da. 19:00etan Toka-aitzur-zartagin txapelketa. Arratsalde-gauez dantzaldia izanen da Agerralde akordiolariarekin.
Ezkonduen Eguna akitzeko
Abuztuaren 14an, larunbatean, Ezkonduen Eguna ospatuko da. 09:30ean Argi soinuak izanen dira. 11:00etan Haurren III. Herri Krosa. 11:30ean Helduen III. Herri Krosa. 12:00etan Futbito txapelketa. 14:00etan Zikiro jatea izanen da plazan Jaiak txarangarekin. Sobera bero egiten baldin badu arboladian, eta eguraldi txarra egiten badu frontoian eginen da otordua. Arratsalde eta gauez dantzaldia izanen da Jalisko Band taldearekin, bestak akitzeko.