Nazabal eta Etxeberria nagusitu dira IX Ramon Latasa Sarian

TTIPI TTAPA 2010eko abuztuaren 9a

Ramon Latasaren omenez egindako aizkora eta harrijasotze jaialdian parte hartu zuten kirolariak. Alicia del Castillo

Gazteen artean, Jon Rekondo eta Ugaitz Mugertza izan dira garaile

Floren Nazabal eta Felix Etxeberria nagusitu ziren abuztuaren 8an Sunbillan jokatutako IX. Ramon Latasa Sarian. Lan guziak osatzeko 31 minutu eta 40 segundu behar izan zituzten. Bigarren Juan Jose Lopez eta Angel Arrospide izan ziren (32:30) eta hirugarren Donato Larretxea eta Mikel Mindegia (35:37).

Floren Nazabal eta Felix Etxeberria nagusitu ziren abuztuaren 8an Sunbillan jokatutako IX. Ramon Latasa Sarian. Lan guziak osatzeko 31 minutu eta 40 segundu behar izan zituzten. Bigarren Juan Jose Lopez eta Angel Arrospide izan ziren (32:30) eta hirugarren Donato Larretxea eta Mikel Mindegia (35:37).

Floren Nazabalek aipatu zuenez, “zail genuen, naina lehenbiziko probetan minutu erdiko aldea atera dugu eta azken proban nagusitu bagara ere, kontuak estu joan dira”.

Lehenbiziko proban bikoteek bi kanaerdiko moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana. Nazabal eta Etxeberriak 1.39 behar izan zuten, Larretxea eta Mindegiak 1:41 eta Lopez eta Arrospidek 1:52.

Bigarren lanean, zutik jarritako kanaerdikoa eta etzanda jarritako bi 45 ontzako enbor izan zituzten mozteko. Lan honetan Lopez eta Arrospide ibili ziren bizkorren (3:18), baina segundu bakarreko aldea atera zioten Nazabal eta Etxeberriari (3:19) eta hiru segundukoa Larretxea eta Mindegiari (3:21).

Hirugarren proba bakarkakoa izan zen eta lau kanerdiko moztu behar izan zituzten. Nazabal izan zen bizkorrena (6:06), Lopez izan zen bigarren (6:44), Arrospide hirugarren (7:17), Etxeberria laugarren (7:31), Larretxea bosgarren (7:49) eta Mindegia seigarren (8:25).

Hondarreko lanean, bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako moztu behar izan zituen, txanda librean. Nazabal eta Etxeberria nagusitu ziren oraingoan ere, 13 minutu eta 5 segunduko denborarekin. Lopez eta Arrospidek 14 segundu gehiago behar izan zituzten (13:19) eta Larretxea eta Mindegiak 14 minutu eta 21 segundu behar izan zituzten.

 

Gazteetan Mugertza eta Rekondo nagusi

Aizkolari gazteei zuzendutako txapelketaren laugarren edizioan, Jon Rekondo leitzarra eta Ugaitz Mugertza mutrikuarra nagusitu ziren, 18 minutu eta 17 segunduko denborarekin. Oihan Larretxea beratarra eta Aitzol Atutxa bizkaitarra izan ziren bigarrenak, 19 minutu eta 46 segunduko denborarekin eta hirugarrenak Ander Erasun aurtiztarra eta Joseba Otaegi asteasuarra, 20 minutu eta 21 segunduko denborarekin. Gazteek hiru proba izan zituzten. Lehenbizikoan, zutik jarritako 45 ontzako enbor bat eta etzanda jarritako bi moztu behar izan zituzten. Segidan, 45 ontzako lau enbor moztu zituzten banaka eta akitzeko, txanda librean lau kanaerdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten.

Jaialdi berean, Unai Bertiz sunbildarra eta Aimar Irigoien harrijasotzaileek erakustaldia eskaini zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun