Abuztuaren 8an arratsaldeko 18:30ean hasita Sunbillan jokatuko da “IX Ramon Latasa Saria”. Urtero bezala sunbildarrek tinko segitzen dute antolatzen Latasaren oroimenezko lehiaketa hau. Guztira, hamabi aizkolari neurtuko dira, hiru bikote maila nagusian eta beste hiru bikote berriz gazteetan. Aurtengo maila nagusian hiru bikote hauek izanen dira aurrez aurre: Floren Nazabal–Felix Etxeberria, iazko txapeldunak Donato Larretxea–Migel Mindegia eta Juan Jose Lopez–Angel Arrospide. Bikote bakoitzak, lau proba desberdin egin beharko ditu. Lehen proban, bi kana-erdiko, bakoitzak egur bat. Bigarren proban, kana-erdiko bat zutik eta bi 45 ontzako etzanda. Hirugarren proba bakarkako lana dute, eta aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko moztu beharko dituzte. Azken proba txanda librean dute, eta bikote bakoitzak lau kana-erdiko eta beste lau 60 ontzako moztu beharko dituzte.
Gazteek lan gehiago
Gazte mailan aurtengo hau laugarren edizioa izango da. Maila honetan hiru bikote hauek lehiatuko dira: Ugaitz Mugertza– Jon Rekondo, Oihan Larretxea – Aitzol Atutxa eta Ander Erasun–Joseba Otaegi. Gazte hauek hiru proba desberdin egin beharko dituzte. Lehen proba, 45 ontzako bat zutik eta beste bi neurri berekoak etzanda ebaki beharko dituzte. Bigarren proba bakarka aritu beharko dira, eta aizkolari bakoitzak 45 ontzako lau enbor moztu beharko dituzte. Azken proba txanda librekoa dute, eta bikote bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte.
Unai Bertiz eta Aimar Irigoien harrijasotzen
Jaialdi berean, bi harrijatsozaile ariko dira lehian, Unai Bertiz sunbildaarra eta Errezilgo Aimar Irigoien. Hauek hiru harri desberdin erabiliko dituzte. Hasteko 175 kiloko harri laukizuzenari 10 altxaldi emanen diote. Bigarren txandan 100 kiloko harriari 100 altxaldi emanen diote bien artean, eta akitzeko 100 kiloko bolarekin agurra eginen dute. Ramon Latasaren omenezko lehiaketa honetan aizkolariak daukaten guztia ematen dute, eta hori hurbiltzen diren zale guziek eskertzen dute. Beraz herri kirol zaleek badute Sunbillan abuztuaren 8an gozatzeko aukera ederra.