Ameriketan ibilitako euskal artzainen besta Sunbillan eginen da irailaren 19an

Aitor Arotzena 2010eko abuztuaren 5a

Jose Mari Arretxea "Itxegi", Fermin Zelaieta, Francisco Errandonea eta Jesus Mari Jorajuria, abuztuaren 5ean Ulibeltzak elkartearen atarian eman duten prentsaurrean. Aitor Arotzena

Bazkarirako txartelak abuztuaren 28ra arte salgai izanen dira

Lesaka, Aldude, Gernika, Elizondo, Auritz... Eta aurten Sunbillan. Azken urteotan Ameriketan artzain ibilitako euskaldunen besta egiteko Sunbilla aukeratu dute aurten. Irailaren 19an izanen da baina dagoeneko Sunbillako Udala eta Sunbildarrak Ameriketan Elkartea burubelarri dabiltza hori antolatzen. Egun horren xehetasunen berri eman dute prentsaurrean Francisco Errandonea Sunbillako alkateak eta Sunbildarrak Ameriketan elkarteko Jose Mari Arretxea “Itxegi”, Fermin Zelaieta eta Jesus Mari Jorajuriak.

Lesaka, Aldude-Gernika, Elizondo, Auritz... Eta aurten Sunbillan. Azken urteotan Ameriketan artzain ibilitako euskaldunen besta egiteko Sunbilla aukeratu dute aurten. Irailaren 19an izanen da baina dagoeneko Sunbillako Udala eta Sunbildarrak Ameriketan Elkartea burubelarri dabiltza hori antolatzen. Egun horren xehetasunen berri eman dute prentsaurrean Francisco Errandonea Sunbillako alkateak eta Sunbildarrak Ameriketan elkarteko Jose Mari Arretxea “Itxegi”, Fermin Zelaieta eta Jesus MariJorajuriak.

 

Egitarau zabala

Sunbillako alkateak egitarauaren berri eman du. 10:00etan harrera-ekitaldia eginen da, trikitilariak ere ariko dira eta lunch-a eskainiko da. 11:00etan, elizan Meza eskainiko da Ameriketan ibilitako guztien alde, Sunbillako abesbatzaren eta bertsolarien kantuekin. 12:00etan dantzariak eta Lizaso eta Egaña bertsolariak ariko dira. 13:00etan Herriko Etxean artzainen topaketa eginen da eta omenaldia eskainiko zaie. 14:00etan Highballa zintzur bustitzea eginen da, Ameriketan hain ohikoa zuten edaria, whiskya eta Seven Up freskagarriaren nahasketa, berriz ere edateko aukera izanen da. Ondotik, 700 lagunendako bazkaria izanen da frontoian eta animazioa ere izanen da. 19:00etan agurra eskainiko da eta autobusak abiatuko dira bueltan herrietara. Eguna iragarriko duen kartela Agustin Sainz igantziarrak eta Josetxo Etxepare lesakarrak egin dute eta irudia harrian grabatu eta Sunbillako Herriko Etxean jartzeko asmoa dute.

 

Autobusean joateko eskaria

Hain zuzen, Sunbillara autobusean hurbiltzeko eskaria egin dute antolatzaileek. Autobusak 09:00etan abiatuko dira. Bortzirietan, Beratik eta Etxalartik abiatuko dira autobusak; Baztanen Arizkungo Ordoki industrialdetik eta Elizondotik; Malerrekan Zubietatik; Auritzetik eta Iruñetik ere abiatuko da autobusa eta Iparraldeko artzainak Luzaidetik abiatuko den autobusak hartuko ditu.

 

Txartelak erosteko tokiak

Bazkarirako txartelak aitzinetik hartu beharko dira. Uztailaren 25ean paratu ziren salgai eta abuztuaren 28ra arte egonen da 40 euroan erosteko aukera, Jesus Mari Jorajuriak aipatu duenez: “Saltzen ari dira, baina abuztuaren 28rako saldu nahi dugu dena, hortik aitzinera ez da txartelik izanen. Gero gauza aunitz egin behar dira eta ahal dela jakin nahi genuke zenbat lagun izanen diren bazkarian”. Egun horretan, bereziki prestatu duten painueloa lepoan jartzea nahi dute antolatzaileek, eta highballa hartzeko edalontzi berezia ere emanen dute opari. Horretarako toki edo pertsona hauengana jo beharko da: Ordoki erretegia (Arizkun); Zubiondo ostatua (Arraioz); Santi Mitxeltorena (Igantzi), Antxordoki (Igantzi); Felix Almirantarena (Orbaitzeta); Julio Jorajuria (Iruñea); Santiago Ugalde (Zubieta); Lesakako Udala, Santi Altzuguren (Bera), Fermin Zelaieta (Legasa); eta Jesus Mª Jorajuria (Sunbilla).

 

Ehun urtetan 313 sunbildar joan ziren Ameriketara

Sunbillatik azken ehun urtetan 313 lagun joan omen dira artzain Ameriketara eta gaur egun oraindik bizirik daudenen artean, 49 daude Ameriketan eta bertze 47 Sunbillan. Ameriketan dauden artzainetako batzuk irailaren 19an Sunbillara etortzeko asmoa omen du, “horietako bat nere anaia eta Aranoko bertze bat ere bai”, adierazi digu Jesus Mari Jorajuriak. Sunbillan urteak daramazkite artzainak biltzen maiatzaren 1ean. “1987an hasi ginen eta urtero-urtero egiten dugu, horrekin ere segitzeko asmoa dugu bizi garen bitartean, baina hau bukatuko da, han ibilitako jendea zahartu gara. 60 urtetik beheitikoak hiru bertzerik ez dira Sunbillan” aipatu du Fermin Zelaietak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun