Euskadiko trontza txapelketako kanporaketa jokatuko da abuztuaren 4an, asteazken arratsaldeko 13:00etan Elgetan (Gipuzkoa). Egun horretan ESAITeko Mendi Martxa sortu zeneko hamargarren urteurreneko ekitaldia ospatuko da Elgetan eta arpana txapelketako kanporaketa bere ekitaldien egitarauko ardatza izanen da. Beraz, kanporaketa Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatuko du ESAITen eta Elgetako Udalaren laguntzarekin, Udalak eskainiko baititu baliabideak.
Hasiera batean bederatzi bikote ziren aitzekoak, baina bik ez dute parte hartuko, bikote bakoitzeko arpanlari bat min hartua dagoelako. Erraterako, Julen Txoperena igantziarrak eta Andoni Irigoien aniztarrak osatutako bikotea ez da lehian arituko Elgetan, baina bai bigarren mailako finalean, abuztuaren 15ean Gaztelun (Gipuzkoa).
Hortaz, eskualdeko ordezkari bakarrak Igor Lasaga beratarra eta Xabier Galarregi etxalartarra izanen dira. Beraiekin batera, Iraizozko Barberena anaiak, Berriozarko Cano eta Maiza, Ultzamako Pikabea eta Morrondo, Arabako Lopez eta Velez de Mendizabal eta Gipuzkoako bi bikote, Rezabal eta Roteta eta Iraola eta Garmendia ariko dira.
45 ontzako enborrari 15 epai eman beharko dituzte, lehenbiziko eta azkeneko bortzak goitik beherakoak eta erdiko bortzak ezkerretik eskuinerakoak. Lehenbiziko lau sailkatuek lortuko dute maila nagusiko txapelketaren finala jokatzeko txartela. Hurrengo hiru bikoteek eta kanporaketa jokatzen ez dutenek, erran bezala, bigarren mailako finala jokatuko dute abuztuaren 15ean Gaztelun (Gipuzkoa), Unai Salegi eta Andoni Zubiaurrerekin batera. Emakumezkoen Euskadiko txapelketa ere orduan jokatuko dira.