Alemaniako asteburu zailean 6 puntu garrantzitsu eskuratu ditu Mariezkurrenak

TTIPI TTAPA 2010eko uztailaren 29a

Sponsors Challenge proban bigarren izan zen Mariezkurrena eta podiumera igo zen. www.trucknavarra.com

Sponsors Challenge lehiaketan bigarren izan zen eta Nürburgingeko podiumera igo zen

Joan den asteburuan Alemaniako Nürburgring zirkuitu zailari bisita egin zion Javier Mariezkurrena kamioi gidari doneztebarrak eta Truck Navarra Competición taldeak. Alemaniako ez da ohiko zirkuitua, zerbaitegatik deitzen diote infernu berdea. Halere, Doneztebekoak sei puntu eskuratu ditu asteburuan eta bigarren izan zen Sponsors Challenge lehiaketan.

Joan den asteburuan Alemaniako Nürburgring zirkuitu zailari bisita egin zion Javier Mariezkurrena kamioi gidari doneztebarrak eta Truck Navarra Competición taldeak. Alemaniako ez da ohiko zirkuitua, zerbaitegatik deitzen diote infernu berdea. Ortziraleko sailkapen proban, zola irristakorrean zailtasunak izan ondotik, hamekagarren postua eskuratu zuen Mariezkurrenak.

Larunbateko lasterketetan, akatsik egin gabe eta zuzen gidatuz hamargarren eta bederatzigarren postuak lortu zituen Doneztebeko gidariak, ustegabeko hiru puntu eskuratuz.

Iganderako lan aunitz egin behar izan zuen taldeak eta kamioiaren errendimenduari buruzko zalantzak zeuden. Baina zalantza horiek sailkapen txandan uxatu ziren, superpolean sartzeko baliagarria izan zen zortzigarren postua eskuratu baitzuen Mariezkurrenak. Alde txarra, hondatutako freno pastilla joku batek jarri zuen, aitzineko pneumatikoa marrazkirik gabe utzi baitzuen.

Asteburuko hirugarren karreran hamargarren postuan akitu zuen Mariezkurrenak, baina epaileek Uwe Nittel-i bandera beltza erakutsi zioten, kiroltasunaren aurkako portaera edukitzeagatik eta bederatzigarren izan zen doneztebarra. Hondarreko lasterketarako zenbait aldaketa egin ziren eta hobekuntzak somatu ziren. Zortzigarren postuan ibili zen Mariezkurrena, baina azkenean Jochen Hanh eta Adam Lackok aitzindu zuten eta hamargarren postua eskuratu zuen Doneztebekoak, asteburu osoan aitzinetik izan zuen Alexander Lvov errusiarra gibelean utzita.

Ondorioz, sei puntu asteburuan eta bertze aldetik, Sporsors Challenge delakoan bigarren izan zen Mariezkurrena, Nürburgringeko podiumera igoz. Beraz, orain arteko lau lasterketan, Europako hamar lehenbizikoen artean ibiltzea lortu du. Hurrengo hitzordua abuztuko azken aste hondarrean izanen da, Txekiako Most-en.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun