Abuztuaren 1ean, igandean 11:30ean jokatuko da Baztan Errekako XXXI. Laxoa txapelketaren final handia Oizko pilota plazan eta Iruritako bi talde izanen dira aurrez aurre.
Finalerdietan, iruritarrek etxetik kanpoko partidak irabaziak zituzten. Irurita Ak 9 eta 7 irabazi zion Doneztebe Ari Donezteben eta Irurita Bk 9 eta 4 irabazi zion Oiz Bri Oizen. Honela, finalerako txartela nahiko bideratua zeukaten, baina larunbatean Iruritan jokatutako partidetan, erabat baieztatu zuten finalerako urratsa. Irurita Ak 9 eta 6 irabazi zion Doneztebe Ari eta Irurita Bk 9 eta 4 irabazi zion Oiz Bri.
Beraz, garbi dago aurten txapela Iruritara joanen dela. Irurita Arekin Jorge Azkarate, Migel Bidegain, Igor Urrutia eta Iñaki Etxandi ariko dira eta Irurita Brekin Guillermo Etxenike, Joseba Urtasun, Jesus Etxenike eta Xabier Ripa. Igandean 11:30ean izanen dute hitzordua Oitzen.
Hirugarren posturako lehia berriz, Doneztebek Ak eta Oitz Bk jokatuko dute larunbatean 17:00etan Oizen. Doneztebeko taldean Josu Juanena, Pascual Bertiz, Jokin Arraztoa eta Koldo Legarra ariko dira eta Oizen Jokin Ziganda, Iker Bereau, Ugutz Zelaieta eta Jose Agustin Mindegia.