Euskaltzaindia Euskal Herriko ibai nagusien izenak arautzen ari da. Osoko bilkuraren azkeneko bi bileretan Bizkaiko mendebaldeko mugatik hasi eta Gipuzkoako ekialdekoraino Kantauri itsasoan isurtzen diren ibaienak eta berauen erreka-adar nagusienenak onartu ditu, hots, Karrantzatik hasi eta Bidasoraino.
Toponimoetan ohi den bezala, amaierako -a bokala berezkoa ez bada, artikulua baizik, Euskaltzaindiak izenaren ondotik (-a) marka jartzen die, izen hori deklinatzean nola jokatu behar den jakin ahal izateko, erraterako Deba, berezkoa delako, baina Bidasoa (-a), artikulua delako.
Hori dela eta, Bidasoa izena deklinatzean honela egin behar da: Bidasoa, Bidasoan, Bidasoarekin..., baina Bidasoko, Bidasotik, Bidasora... Era berean, izen horrek bere azken -a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean. Adibidez: Bidaso maitea, Bidaso osoan, gure Bidaso hau...
Erabaki hau hartzeko, Euskaltzaindiak inguru horretako euskaldunen erabilera izan du kontuan. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetako testuetan erabat arruntak dira gisa honetako aipuak: Bidasora doaz; Bidasoko Bera; Bidasoko nekazarien biltzarra; Baztan, Malerreka eta Bidasoko gazteria, etab. Bertako herritarren artean bildutako ahozko testigantzak ere erabilera horren alde mintzo dira, arruntak baitira, batik bat, adin batetik goitikoen artean gisa honetako esaldiak: Bidásora bota zuten; Bidásotik atera zuten; Bidásoko izokinak, etab. Horretaz gain, kontuan izatekoa da, herritar izena edo ‘jentilizioa’ deitzen dena, azken -a hori gabekoa dela, hots, bidasotarra, eta ez *bidasoarra.
Hortaz, Andres Iñigo, Euskaltzaindiko Onomastika batzordeburuak adierazitakoaren arabera, “erabat baztertzekoak dira azkenaldi honetan, bai idatziz bai ahoz, hedatzen ari diren gisa honetako esaldiak: *Bidasoako trenbide zaharra; *Bidasoaraino iritsi ziren; *Bidasoatik pasatu ziren; Baztan-*Bidasoako ingurua; *Bidasoako hitza... Horien ordez bertze hauek erabili behar dira: Bidasoko trenbide zaharra, Bidasoraino iritsi ziren, Bidasotik pasatu ziren, Baztan-Bidasoko ingurua, Bidasoko hitza...”.