“Abuztuko bigarren igandean aizkora zaleentzat hitzordua finkatua dugu”

TTIPI-TTAPA 2010eko uztailaren 22a

Antton Espelosin aizkorazalea Utzitako argazkia

Antton Espelosin | Antolatzailea

Abuztuaren 8an 18:30ean hasita Sunbillan jokatuko da IX. Ramon Latasa Saria. Urtero bezala sunbildarrek tinko segitzen dute antolatzen Latasaren oroimenezko lehiaketa hau. Guztira, hamabi aizkolari neurtuko dira, hiru bikote maila nagusian eta bertze hiru bikote gazteetan. Maila nagusian Floren Nazabal-Felix Etxeberria, Donato Larretxea-Migel Mindegia iazko txapeldunak eta Juan Jose Lopez-Angel Arros­pide. Bikote bakoitzak, lau proba egin beharko ditu.  Gazte mailan laugarren edizioa izanen da aurtengoa. Maila honetan hiru bikote hauek lehiatuko dira: Ugaitz Mugerza-Jon Rekondo, Oihan Larretxea-Aitzol Atutxa eta Ander Erasun-Joseba Otaegi. Gazte hauek hiru proba egin beharko dituzte “Hiru bikoteak fuerteak dira eta aurten hirugarren lana gogorragoa izanen dute” aipatu digu Antton Espelosin antolatzaileak.  Jaialdi berean, bi harrijatsozaile ariko dira lehian, Unai Bertiz sunbildarra eta Errezilgo Aimar Irigoien. Hauek hiru harri erabiliko dituzte.
Ramon Latasaren omenezko lehiaketa honetan aizkolariak daukaten guztia ema­ten dute, eta hori hurbiltzen diren zale guztiak eskertzen dute. Beraz herri kirol zaleak badute Sunbillan abuztuaren 8an gozatzeko aukera ederra.
Antton Espelosinek aipatu digunez, “6.000 eurotik goitiko aurrekontua izaten dugu eta zortzi lagun aritzen gara lanean dena ongi atera dadin. Sarrerak 15 euro balio du eta 550-600 bat lagun bildu izan dira urtero, 450 bat sarrera eta horretaz gain gonbidatu­ak, haurrak…  Batzuetan irabazten ate­ratzen gara eta bertzeetan galtzen, baina badakigu zergatik antolatzen dugun eta aitzinera segitzen dugu. Abuztuko bigarren igandean finkatua dugu eta jendeak badaki eta etorri egiten da”.

“Baserriko lanak lehengo eta oraingo moduan, proba konbinatuan”
Aurten ere herritarren arteko herri kirol desafio berezia abuztuaren 10ean eginen dela jakinarazi digu Espelosinek, baserriko lanak egi­teko lehengo moduak eta oraingoak neurtuz:  “Belagi batean bi lagun segan eta bertzea desbrozadorarekin ariko dira 100 metro koadro belar mozten; belar hori biltzen eta bizkarka garraiatzen bi lagun ariko dira eskuz eta bertzea Junperrarekin; eta bi lagun arpanarekin, motozerraren kontra; hiru aldiz egin beharko dute lan hori, gizona motorraren kontra”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun