“Herri ttiki bat izateko, egitarau zabala du”

TTIPI-TTAPA 2010ko uzt. 22a, 16:29

Edurne Urrozek eta bertze zazpi emakumek osatzen dute Ulibeltzak elkarteko junta Utzitako argazkia

Sunbillako bestak 2010

Gaur egun Sunbilla ez zen berdina izanen ez balitz Ulibeltzak elkar­tea existituko. Aurten 31 urte beteko dituen soziedadeak 194 bazkide ditu orain eta, urte osoan zehar, mendizaleek eta txirrindulariek jarduera iraunkorra izaten dute. “Horietako bakoitzaz arduratzen den pertsona bat dago juntan” esplikatzen digu Edurnek “eta gainerako aktibitateetaz, bestak, inauteriak… denen artean aritzen dugu”. Denetara zortzi daude juntan. Lehen aldiz denak emakumeak dira eta bi urtetik behin berritzen da zuzendaritza batzordea bere osotasunean. Oraingoan juntakide guztiak emakumeak izatea nabaritzen ote den galdetu diogu Edurneri. “Ez dakit –eran­tzun digu berehala– ikusiko da 2 urteak pasatzen direnean”. Orain soziedadea handi­tzearen proiektua dute esku artean, Hortarako “bajera bat erosi da eta erosketa gastuaren eta obraren artean 20 milioi pezeta (120.000 euro inguru) joanen zaizkigu” zehaztu digu Edurnek.

“Herriko bestak prestatzen laguntzeko 20 euro jartzen ditu bazkide bakoitzak”
Herriko Etxetik arduratzen dira egitarauaren zatirik ‘formalena’ antolatzeaz: musika, San Tiburtzio eguneko luncha, pilota, su-artifizialak… eta Ulibeltzak elkartearen esku gelditzen da herri kirolak, mus txapelketa, zikiroa eta gisa horretako guztia. “Herriko Etxeak, halere, ematen dio laguntza bat soziedadeari txarangak eta ordaintzeko. Hala ere, elkarteari tokatzen zaio bere sakeletik diru bastante ordaintzea eta, herriko bestetarako, sozio bakoitzak 20 euro jartzen ditu, lanean aritzen direnak izan ezik”. Egitarau zabala dute prestatua aurten ere Sunbillan. Ramon Latasa sariaren IX. edizioa, bezperako herri kirol desafioa eta zopak, pilotari profesiona­len arteko partida, su-artifizialak, haurrendako ikusgarriak, plater-tiroketa, txirrin­dulari proba, toka, aitzur eta zartagin txapelketa, herri krosak haur eta helduentzat, mus txapelketa, emakumeendako futbito txapelketa, zikiro jateak… Nahi duenak badu  non gozatu. Zentzu horretan, kontent ikusten zaio Edurneri. Gaine­ra, “jendea, aitzinetik solastuz gero, prest egoten da behar diren lanetan esku bat emateko, batere proble­marik gabe. Aitzineko urteetatik jakiten dugu zeintzuk izaten diren prest eta, gero, elkarren artean antolatzen dira taldeak osatzeko”.
Nota jarri beharko balio Sunbillako bestei “zortzi bat” jarriko lieke Edurnek. “He­rri ttiki bat izateko egitarau zabala dugu”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun