Nafarroako hainbat txapelketa erabaki dira Iruñeko Sanferminetan

TTIPI-TTAPA 2010eko uztailaren 22a

Goiko argazkian Lasto Altxatze Txapelketan parte hartu zuten hiru igantziarrak: Iñaki Bereau, Xabi Sein eta Karlos Sein. Behekoan, harri-jasotzaileak: Josetxo Urrutia leitzarra, Unai Berti

Lau txapel eskuratu dituzte eskualdeko kirolariek

Azken urteotan bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, herri kirol saio andana jokatu ziren Iruñeko Sanferminetan. Eta iragarri bezala, horietako aunitzetan Nafarroa­ko txapeldunak erabaki ziren. Eskualdeko ordezkaritza zabala izan zen, eta emaitza onak eskuratu zituzten.
Harri-Altxatze Txapelketan, Sunbillara etorri zen garaipena be­rriz ere. Unai Bertizek 6.050 kilo jaso zituen guztira eta sailkapenean, bigarrena gelditu zen Jose­txo Urrutia leitza­rrak  5.462,5 kilo. Hirugarren postua ere zonaldera etorri zen, Etxa­larrera: Xabier Ariztegi Santxin­ek 4.800 kilo jaso zituen.
Lasto Altxatze Txapelketan, igantziarren arteko lehian Xabi Sein nagusitu zen. 22 altxaldi egin zizkion. Bigarrena Iñaki Bereau izan zen (21 altxaldi eta hurrengo altxaldi bi minutu eta lau segundotara) eta hirugarrena Karlos Sein (21 altxaldi bi minutu eta 6 segundotara).
Maila Nagusiko Arpana Txapelketan, gizonezkoetan, parte hartu zuten lau bikoteetatik bakarra izan zen eskualdekoa. Ez zen txapelik etorri, baina Igor Lasaga (Bera) eta Jabier Galarregi (Etxalar) bigarren izan ziren (09:50:10eko denbora). 
Ingude Altxatze Txapelketan, bertzalde, aurten ere Joakin Aioroa iturendarra nagusitu zen. 18 kiloko in­gudeari 92 altxaldi eman zizkion; Xabi Sein igan­tziarrak 89; Karlos Sein igantziarrak 87 eta Josetxo Urrutia leitzarrak 86.
Bikotekako Aizkora Txapelketa ere Sanferminetan jokatu zen, eta Floren Nazabal eta Jose Juan Barberena nagusitu ziren (23:04); Juan Jose Lopez eta Mikel Mindegia gelditu ziren bigarren (24:16) eta Donato Larretxea eta Antonio Senosiain hirugarren (27:31).
Gurdi Altxatze Txapelketan, bertzalde, lehen bi postuak eskualdera etorri ziren: azken urteotan irabazle izan den Joseba Petrirenak eskuratu zuen garaipena (5 itzuli eta 5,24 me­tro), eta Josetxo Urrutia leitzarra izan zen bigarren (5 itzuli eta 4,22 metro).
Txinga Eramate txapelketan, emakumezkoetan, ez zen txapelik etorri, baina eskualdeko partaidetza nabarmentzekoa izan zen: bigarren postuan Xanta Sousa lesakarra gelditu zen (12 plaza 1/4 2,10 metro), hirugarren Nerea Sorondo berata­rra (10 plaza 1/4 5,10 metro) eta laugarren Dorleta Peña beratarra.
XII. San Fermin Motozerra Sarian, Oieregiko Esteban Arruti izan zen parte hartu zuen zonaldeko bakarra, eta hau bigarren gelditu zen, 8 punturekin.
Txapelketatik haratago, aunitz izan dira Iruñeko Sanferminetan erakustaldiak eskaini dituzten kirolariak: Ark­aitz Olano, Ruben Saralegi, Iñaki eta Inaxio Perurena, Mikel Saralegi, Maika Ariztegi, Izaskun Ariztegi...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun