Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du Saran

Xan Harriague 2010eko uztailaren 22a

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Utzitako argazkia

30 musikari ariko dira guztira San­ Martin elizan

DATUA 20 euro balio du sartzeak. Turismo Bulegoan eros daiteke edo (0033) 559 542014ra deituta.

Huts egin behar ez den kontzertu paregabea izanen da heldu den agorrilaren 25ean San Martin Elizan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak emanaldia eskainiko du 20:00etatik aitzinera. Berez, orkestrak 110 musikari ditu, baina gurera 30 etorriko dira, Bibolina izanen da nagusi joko dituzten doinuetan.
Historia eta ospe handiko orkestra da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Karlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehengo lehendakariak sustatu zuen bere sortzea. Frankoren diktaduraren ondotik lehendakari izendatu zutenean, bere lehentasun nagusietariko bat izan zen. Kalitate handiko orkestra bat nahi zuen Euskal Herria ezagutarazteko Europa eta Mundu osoan. Nahi eta erreusitu zuen ere, gaur egun maila handiko musika klasikoaren munduan orkestra ezaguna delako. Mundu osoan ematen ditu kontzertuak eta urtero 150.000 entzule biltzen ditu.
Orkestrak dituen 28 urte hauetan 30 disko atera ditu. Nagusiki euskal konpositoreek egindako musikekin. Baina ez hori bakarrik. Fun­tsean bere hasierako helburuetariko bat preseski, euskal konpositoreen lana ezagutaraztea zen.
Sartzea 20 eurokoa baizik ez da izanen. Aukera paregabea zinez halako maila handiko taldea entzuteko, bai musika hori entzuteko usairik ez dutenentzat baita ezagutzen dutenentzat ere. Sartzeak Turismo Bulegoan erosi behar dira edo erreserbatu hara deituz. (0033) 559542014.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun