Euskadiko bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa igandean jokatuko da Elizondon

TTIPI TTAPA 2010eko uztailaren 23a

Xabier Mindegia eta Oihan Larretxea finalerako txartela lortzen saiatuko dira igandean Elizondon. Artxibokoa

Xabier Mindegia, Ander Erasun, Arkaitz Olano eta Oihan Larretxea izanen dira eskualdeko ordezkariak

Euskadiko bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko da uztailaren 25ean, igandean 19:30ean Elizondoko Laxoa plazan. Kanporaketa horretan 12 aizkolari lehiatuko dira, eta lehenengo sei sailkatuek lortuko dute finalerako txartela.

Euskadiko bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko da uztailaren 25ean, igandean 19:30ean Elizondoko Laxoa plazan. Kanporaketa horretan 12 aizkolari lehiatuko dira, eta lehenengo sei sailkatuek lortuko dute finalerako txartela.

54 ontzako edo kanaerdiko hiruna enbor, 60 ontzako enbor bana eta 72 ontzako edo oinbiko enbor bana moztu beharko dute. Aizkolariei dagokienez, guzira hamalau aizkolari dira aurten bigarren mailan, eta denek dute kanporaketa jokatzeko aukera, baina Daniel Vicentek eta Joxejuan Barberenak ez parte hartzea erabaki zuten. Hortaz, 12 aizkolarik hartuko dute parte, eta lau aizkolariko hiru txandatan banatuta ariko dira. Berezitasun gisa, aipatzekoa da Mutrikuko Mugertza aita-semeak ariko direla saioan, hau da, Fausto aita eta Ugaitz eta Aratz semeak. Nafarroako bortz aizkolari eta Gipuzkoako zazpi ariko dira: Manuel Kañamares (Aroztegi), Xabier Mindegia (Beintza-Labaien), Ander Erasun (Aurtitz), Arkaitz Olano (Leitza), Oihan Larretxea (Bera), Jexuxmari Lasa (Legorreta), Fausto Mugertza (Mutriku), Aratz Mugertza (Mutriku), Ugaitz Mugertza (Mutriku), Josemari Telletxea (Oiartzun), Joxe Ugarteburu (Ezkio-Itsaso) eta Javier Aranberri (Zumarraga).

 

Laukarizko Harria larunbatean

Harrijasotzaileei dagokienez, Bizkaiako Mungian, Laukarizko Harria txapelketa jokatuko da uztailaren 24ean, larunbatean 19:30ean. 134 kiloko pisua duen harri baldar eta traketsari, bortz minutuko txanda bakarrean ahalik eta jasoaldi gehien ematen saiatuko dira 13 harrijasotzaile. Tartean izanen dira Sunbillako Unai Bertiz, Leitzako Josetxo Urrutia eta Etxalarko Xabier Ariztegi, Izetatarrekin edo Aimar Irigoienekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun