Iruñeko Sanferminen barne jokatu zen Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa eta hantxe aritu ziren lanean bi herritar: Jose Antonio Loiarte eta Mikel Indakoetxea. Esperientziaduna lehena eta debutaria bestea.
Bi kanaerdiko moztu behar izan zituzten, baina horrez gain, uztailaren 8ko eguerdi hartan egin zuen bero haundiari ere gogor egin behar izan zioten aizkolariek.
Loiarte ederki moldatu zen, eta 4:41:01eko denbora eginez, bera izan zen hamaika aizkolarien artean lanak akitzen lehendabizikoa. Honenbestez, abuztuaren 29an Arazurin jokatuko den Nafarroako III. Mailako finalera sailkatzea lortu zuen.
Indakoetxeak, ordea, ez zuen bere eguna izan. Tenperatura altuen eta lehen aldiko urduritasunen eragina nabaritu zuen, baina hala ere, bere lana akitu zuen. Nahiko meritua bada kanporaketan parte hartzea bera.