Baztan-Errekako XXXI laxoa txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 1ean Oizen eta Irurita Bk 9 eta 6 irabazi zion Irurita Ari, final gogor baten ondotik. Joseba Urtasun, txapeldunen sakalaria izendatu zuten finaleko jokalari onena eta Mikel Eizagirreren saria eraman zuen. Berekin batera, Guillermo Etxenike numeroa eta Jesus Etxenike eta Xabier Ripa laurdenak aritu ziren talde txapeldunean. Azpitxapeldun izan zen Irurita A taldean, berriz, Jorge Azkarate sakalaria, Miguel Bidegain numeroa eta Igor Urrutia eta Iñaki Etxandi numeroak aritu ziren. Alberto San Miguel Oizko alkatea, Txuma Prim iruritarra eta Juan Mari Artazkoz doneztebarra izan ziren epaile eta Oizko Joaquin Zia aritu zen marrak zaintzen. Markagailuan beti aitzinetik ibili ziren irabazleak (1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 4-2, 4-3, 6-3, 6-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-6 eta 9-6).
Tiburtzio Arraztoak gogoratzen zuenez, lehenbiziko aldia zen Iruritako bi taldek elkarren kontra jokatzen zutela finalean, baina herri bereko bi talderen arteko finalak izan dira lehendik ere. Zehazki, Doneztebeko bi talderen arteko hiru final izan dira. Arraztoak txapelketaren balorazio ona egin zuen: “Balorazioa egiten ahal badugu seinale ona da, duela 31 urte hasi ginenean modalitatea mantentzea baitzen gure helburua. Heldu den urtean Doneztebeko bertze bi talde izanen ditugu eta aurten finelerdietara ailegatu diren taldeak gazteak dira, 20-22 urte banaz bertze”.
Sari banaketan, Alberto San Miguel Oizko alkatea, Jon Oiartzun Nafarroako Pilota Federazioko gerentea, Javier Almandoz Nafarroako Kutxako ordezkaria, Pilotarien Batzarreko Josean Arroyo eta Gipuzkoako Errebote eta Joku Luzeetako Federazioko Josean Jauregi izan ziren.
Doneztebe A hirugarren
Hirugarren posturako norgehiagokan, uztailaren 31n, Doneztebe Ak 9 eta 7 irabazi zion Oiz Bri. Donezteberekin Santi Mindegia, Pascual Bertiz, Jokin Arraztoa eta Koldo Legarra aritu ziren eta Oizko taldearekin Jokin Ziganda, Iker Bereau, Ugutz Zelaieta eta Jose Agustin Mindegia.