Aitor Zabaleta 34 urteko leitzarra eta Iban Zugarramurdi 35 urteko aranztarra, Esne Beltza taldeko musikariak dira. Santio bestetako ortziralean kontzertua eskainiko dute, berriki argitaratu duten Noa diska aurkeztuz. Biek ibilbide luzea egin dute musikaren munduan. Iban Zugarramurdi 11 urterekin hasi omen zen bateria jotzen eta 15 urterekin Les Mecaniciens taldean hasi zen, eta geroztik Baldin Bada, Sutagar, Anje Duhalde, Alaitz eta Maider eta Fior taldeetan aritu da bateria jotzen. Aitor Zabaleta, berriz, Etzakit taldean hasi zen duela 15 urte baxua jotzen, Esne Beltzan taldekide dituen Xabi Solano eta Jon Mari Beasainekin batera eta bertan 8 urte egin ondotik, 5 egin zituen Izotz berbena taldean. Duela hiru urte, bi ibilbide horiek Esne Beltza taldean bat egin zuten. Zugarramurdiren dionez, “orain arte erosoen sentitu naizen taldea, esperientzia gehien pilatu dutena eta gustora sentitzen naizen taldea”. Negu honetan hiru urte beteko ditu taldeak eta bi diska plazatu ditu. Orain arte ez direla gelditu aipatu digute, “urtean 55 bat kontzertu ematen ditugu eta alde horretatik pozik gaude”.
Zabaletaren ustez, “taldekide guztiek ibilbide luzea daukagu bizkar gainean eta beharbada horregatik jendeak ezagutzen gaitu, badaki gure lanaren berri eta deitu egiten gaitu”. Lehenbiziko diskak harrera ikaragarri ona izan bazuen, bigarrena ez zaio gibelera gelditu. “Kritika hagitz onak izan ditu Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere” dio Ibanek. Halere, taldeari tenperatura hartzeko neurria zuzenekoak ematen dutela uste du Aitorrek, “eta jende asko joaten da kontzertuetara eta gogoz, gainera, giro ederra izaten da”. Aurtengoa, taldearen konfirmazioa izan dela uste dute biek: “Hainbertze kontzertu eman ditugu, plaza librean, frontoian, aretoetan… Areto batera doanak espreski doa zuri aditzera, ordainduta eta hori barometro fidagarria da. Bilborocken ortziral arrats batean 400 pertsona sartzea gu aditzera izugarria da” dio Arantzako bateriak. Bere publikoan adin guzietako jendea badute ere, “gazte asko” hurbiltzen direla azpimarratu du Leitzako baxujoleak. Beraien azken diskoan Mundu osoko kolaborazioak dituzte: “Joan den uztailean Japoniako Fujirock festibalean hasi ginen grabatzen, biratxo bat egin genuen Japonian eta hotelean bi mikro jarri eta handik pasatzen ziren musikariei gurekin grabatzeko gonbitea egiten genien… Japonian hasi eta Beirutetik pasatu da, Mexicotik, Italiatik, Senegaletik, Kataluniatik, Madriletik, Kolonbiatik… teknologiak ematen dituen baliabideak dira”. Hizkuntza eta estilo aldetik ere anitza da diskoa, “beti ere ahaztu gabe nongoan garen, trikitixa beti hor dago, euskara ere hor dago, baina bertze hizkuntzei bidea itxi gabe; frantsesa, ingelesa, gaztelera, italiera… Euskara da zutabea, baina beste adarrak ere badaude”. Hitzei dagokienez, gehienen egilea Jon Garmendia Txuria da eta gaiei dagokienez, “Euskal Herrian ditugun arazoak, gizarte gaiak, maitasun istorioren bat… betikoak” direla aipatu digute. Normalean 9 musikari eta breakdance egiten duen dantzaria izaten dira eszenalekuan, baina soinu teknikaria, laguntzailea eta managerra ere hor izaten dira: “Beti 13 lagun izaten gara kontzertuetan”. Duela bi urte Elizondoko Lur dantzalekuan jo zuten Esne Beltzakoek. “Oso ongi egon zen –dio Zabaletak– baina hura gainditu eginen dugu oraingoan”. Ibanek dioenez, “bestak dira, giro polita izanen da eta gu ongi pasatzera eta jendearekin konektatzera joanen gara”. Diskatik zuzenekora beti aldea izaten da “baina gure kasuan, gu zuzeneko taldea gara, ongi pasatzera goaz eta hori nabaritzen da” diote ahobatez. Aurten Londresera eta Berlinera ere joatekoak dira, baina kontzertu gehienak Euskal Herrian, “Bizkaian pila bat eta gure inguru honetan guttiago”, eta bakarren batzuk Madrilen eta Katalunian eman dituztela aipatu digute. “Heldu den urtean kanpora begira jarri nahi dugu ahal den neurrian, Argentina, Mexico edo Kuba aldera ateri… Suitzara ateratzeko ere bada proiekturen bat, deus itxi gabe… Pixko bat oxigenatzeko eta aldatzeko ere ongi etorriko zaigu” aipatu digute Esne Beltzako taldekideek.