Denboraldi ona egiten ari da Jabier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi-gidaria. Momentuz, Europako Txapelketan, sailkapenean hamargarrena da Truck Navarra Competicion taldeko gidaria, eta hurrengo hitzordua Alemanian izanen du, Nürburg-en. Uztailaren 23, 24 eta 25ean jokatuko da. Azkeneko saioa, berriz, etxetik hurbil, Frantzian egin zuen, Nogaroko Sari Nagusian. Asteburu gazi-gozoa izan zen.
Larunbateko sailkapen probetan, zortzigarren postua lortu zuen Mariezkurrenak, orain arteko sailkapenik onena errepikatuz. Lehenbiziko lasterketan ere itxura onarekin hasi zen, baina zenbait gorabehera tarteko, hamabortzgarren. akitu zuen. Bigarren lasterketa ere ez zen sobera ongi joan: ateratzerakoan tronpoa egin eta azkena gelditu baitzen, buelta erdi gibeletik. 16. posturaino aitzineratzea lortu zuen, baina hortxe gelditu zen. Denboraldiko probarik kaxkarrenak izan ziren, punturik gabe eta akats aunitzekin.
Igandeko sailkapen proban, ordea, zazpigarren postua lortu zuen doneztebarrak, superpolerako sailkatuz eta hemen hamargarren. izan zen. Asteburuko hirugarren karreran, bederatzigarren postua lortu zuen. Eta asteburuko laugarren lasterketan, Truck Navarra Competicion taldeak laugarren postua lortu zuen Nogaroko Sari Nagusian, orain arte Europako Txapelketan inoiz lortutako sailkapenik onena.