15 urterekin hasi zen autoen munduan Andoni Blas. Eta 18 urterekin, gida-baimena atera orduko, rallyetan hasi zen. Geroztik hainbat lasterketetan parte hartu du: Etxalarko Usategietako Igoeran, Lesakako rallysprint-ean, Jaizkibelen, Lekunberrin, Azpeitian... Berriki Los Arcosen zabaldu duten zirkuitu berriaren inaugurazioan parte hartzeko aukera ere eduki du. Peugeot 106 autoarekin dabil denboraldi honetan, batzuetan Esteban Sarratea iruritarra eta bertzeetan Ainhoa arreba kopilotu dituela.
Etxekoen beldurra
«Hasieran erotu nintzela erraten zidaten etxean, eta beldurtu egiten ziren. Baina ongi moldatzen naizela ikusi zutenetik ez dute deus ere erraten»
Ez zuen oraindik gida-baimenik, 15 urte bertzerik ez zituelako, baina ordurako hasia zen autoei begia botatzen Andoni Blas (Doneztebe, 1987). Lagunak autoekin ikusiz sartu zen bera ere autoen munduan, «txirrinta» sentitu zuelako. Hala, 18 urte bete orduko, gida-baimena atera eta lasterketetarako erabili zuen bere lehenbiziko autoa erosi zuen: Citroen AX-a. Aitortu digunez, etxekoek ez zuten sobera gustura hartu bere erabakia, baina berak aitzinera egin zuen: «hasieran erotu nintzela erraten zidaten etxean, eta beldurtu egiten ziren. Baina ongi moldatzen naizela ikusi zutenetik ez dute deus ere erraten».
Hasierako Citroen AX-aren ondotik, Citroen Saxo bat eduki zuen aitzineko denboraldian, eta aurten Peugeot 106 batekin dabil. Normalean asfaltoan ibiltzen dela adierazi digu Blasek, baina «lur gaineko auto bat prestatzeko pentsamendua ere badut, baina momentuz pentsamendua baino ez da», dio.
Asfalto gainean behintzat, ongi moldatzen dela erakusten ari da denboraldi honetan. Txapelketa akitzeko hiru lasterketa falta direnean, lehenbizikoa da Peugeot Kopan, «bigarrenarekiko abantaila dezentearekin». Hankook Kopan ere badabil doneztebarra, eta lau lasterketaren faltan, laugarrena da. Dena den, 18 urte zituela eskuratu zuen bere lehenbiziko garaipena: «junior mailan, mendiko eta rallyetako txapeldun izan nintzen. Eta aurten ere horretarako puntuak lortzen ari naiz», azaldu digu.
Rallyak eta igoerak, bietatik probatu du gazteak, baina rallyak nahiago omen ditu: «kopilotuarekin joaten naizelako». Kopilotu ere aritua bada ere, gidatzea gehiago gustatzen omen zaio doneztebarrari, «politagoa da», erran digu. Eta gidari dela, Iruritako Esteban Sarratea izaten du kopilotua. Halere, azken lasterketetan Ainhoa arreba eduki du ondoan: «gazte-gaztetatik datorkio afizioa, eta aunitz gustatzen zaio». Arreba ondoan izateak «konfidantza» ematen diola kontatu digu Blasek: «anai-arrebak gara eta...». Baina iruritarrarekin ere hasieratik dabil, eta honek ere konfidantza ematen omen dio.
Eta autoren bat aukeratzeko eskatuta, sobera pentsatu gabe erantzun digu: «Kit Car, Super 1.600 edo horrelakoren bat». Lasterketarik gustukoena, berriz, «Lesakako rallysprinta».
Kirola eta afizioa dira rallyak Blasentzat, eta afizio garestia aukeratu duen arren, gustuko tokian maldarik ez: «horrelakoak bizian behin egin behar dira, eta orain ez badugu egiten gero ez dugu eginen», dio Blasek. Garestia da bai, urtean milioi-milioi eta erdi artean gastatzera ailega baitaiteke. Eta horretarako, babesleak ere ezinbertzekoak izaten dira: «inguruko lantegi, ostatu eta dendetan dezente mugitzen gara. Baina orain krisiaren eragina nabaritzen da».
Bere garaian, rallyak betirako alde batera uztea ere pentsatu zuen doneztebarrak, eta autoa ere saldu zuen. Baina gauza bat benetan gustukoa denean, uztea zaila: «berriz ere gogoa sartu eta bertze auto bat erosi nuen». Momentuz behintzat, ez du uzteko asmorik, eta denboraldia kolperik eman gabe eta ahalik eta hobekien akitzea da aurtengo bere helburua. Ametsa, berriz, hauxe: «zaila da, baina autoen mundu honetatik bizi nahiko nuke».