Aspaldiko partez, euskarazko antzerki haundia egin da berriki Lapurdin senpertar batzuen inguruan 1609an sorginen kontra egin ziren epaiketak eta jazarpena gogoratzeko. Peio Chipi senpertarrak eta Joseba Aurkenerena urruñarrak idatzi dute Iduzki Lore-ren testua eta Manex Fuchs antzerkilariak egokitu du idazlan hori taula gainean antzezteko gisan. Iduzki lore lan aberatsa da hiru belaunalditako 15 bat aktore biltzen baititu. Antzerki hunek aski ongi esplikatzen du zer gertatu zen xuxen Lapurdin 1609an De Lancre epailea hunat etorri zelarik eta hamarnaka emazte erre zituelarik sorginak eta gaixtoak zirelakoan. Oren batez, errexki ikas daiteke zer gertatu zitzaien gure arbasoeri. Egoera latzak, irudi bortitzak eta unore pixka bat nahasten ditu. Michel Brust hazpandar famatuak antzeztu zuen De Lancre beldurgarria, eta horren inguruan bildu dira Jean Michel Bereau, Christian Sene eta Michel Jorajuria senpertarrak. Iparralde osoan, 7 emanaldi eskaini dituzte eta orain nahi lukete hegoaldeko taulen gainean erakutsi antzezlana.