Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea kondekorazioa 1997an sortu zuen Nafarroako Gobernuak, Nafarroako aurrerapenari bakoitzak euren esparrutik lagundu dioten edo Foru Komunitatea bere mugetatik landa erakutsi duten pertsona eta erakundeen merezimenduak nabarmentzeko asmoz. Bada, aurtengo dominak ekainaren 29an banatu ziren Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan, eta sarituetako bat Arkupeak Erretiratuen Elkartea izan zen. «Nafarroaren iparraldeko ia 50 herritan adinekoak integratzen eta dinamizatzen funtsezko lana egin duelako» eman diote aurten Arkupeak elkarteari saria. Domina Felipe Ganboa Jorajuria lehendakariak jaso zuen eta Eusebio Maritorena Leitzako ordezkaria ere ekitaldian izan zen.