Joan den urte akabailan jarri zen abian Malerrekan Euskaraz bai dinamika, euskararen normalizazioa modu parte-hartzailean bizkortzeko helburuarekin. Ordutik honat, Bai Euskarari Ziurtagiria ezagutzera ematen eta eskualdeko establezimendu eta elkarteak bisitatzen aritu dira. Eta lan eskerga horren ondorio dira ekainaren 18an Donezteben banatu ziren Ziurtagiriak. Malerrekako 45 entitatek eskuratu dute guztira Bai Euskarari Ziurtagiria, eta horietatik 44 berriak dira. 10ek Zerbitzua euskaraz maila eskuratu dute, eta gainerako 35ek Euskararen bidean maila.
Malerrekako euskalgintzak urte batzuk daramatza eskualdean euskararen erabilera bultzatzen: «Baina pausu bat haratago emateko ordua ailegatu zela ohartu ginen, horregatik jarri genuen martxan Euskaraz bai dinamika 2009ko urrian», azaldu zuen Joseba Indabere Malerrekako euskalgintzaren ordezkariak ziurtagirien banaketa ekitaldian. Eta gaineratu zuen ekainaren 18koa «egun pozgarria» izan zela Bai Euskarari Ziurtagiriarekin posible izanen delako Malerrekan euskarazko zerbitzuak eskuratzea. Esker ona adierazi zien Ziurtagiria eskuratu duten 45 entitateei eta herritarrei ere dei egin zien euskara erabil dezaten egunerokoan: «Ez dugu ahantzi behar guk, herritar zein bezero gisa, euskararen aldeko apustuari eutsi behar diogula. Euskaraz bizitzeko jarrera gure egin eta indartuz gero, euskararen normalizaziotik hurbilago izanen gara. Horixe da bidea».
Rober Gutiérrez Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendariak, bere aldetik, zoriondu egin zituen Ziurtagiria lortu zuten 45 entitateak: «45 Ziurtagiri banatu ditugu eta kopurua garrantzitsua da, eta benetan pozgarria. Baina are garrantzitsuagoa da horren atzetik dagoen lana: egunez egun ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena».