Ehiza Arautzeko Planak ez duela bere iritzia kontuan hartu salatu du Etxalarko Usoa ehiztari elkarteak

TTIPI TTAPA 2010eko uztailaren 16a

Etxalarko ehiztariek joan den urteko azaroan egin zuten elkarretaratzean. Aitor Arotzena

Paratu nahi diren zenbait postu berri ez direla ehizarako erabilgarriak uste du

Ehiza Arautzeko Planaren (POC) aldaketan ehiza postuen kokapen aldaketan ez dela ehiztarien iritzia kontuan hartu salatu du Etxalarko Usoa ehiztarien elkarteak, “gaia hobekien ezagutzen dugunak eta kaltetuak garenean”.

Ehiza Arautzeko Planaren (POC) aldaketan ehiza postuen kokapen aldaketan ez dela ehiztarien iritzia kontuan hartu salatu du Etxalarko Usoa ehiztarien elkarteak, “gaia hobekien ezagutzen dugunak eta kaltetuak garenean”.

Iharmendi inguruari dagokionez, ehiztari elkarteak uste du 4 eta 5 postuen artean bertze postu bat ere jartzen ahal dela, “arauzko distantziak ederki betetzen dituelako eta bere kokapenarengatik, postu onenetakoa izanen zelako”. Baina ehiztarien ustez, POCen moldaketan ez da kontuan hartu, “ehizarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik eta joan den urteko denboraldiko helburu batzuk betez”.

Harrikasta inguruko postua kentzearekin ere ez daude ados Usoa Ehiztari elkartekoak, “postutik hurbil dagoen eraikina, postua kentzeko arrazoitzat eman dutena alegia, ez delakoz etxebizitza, biltegia eta ikuilua baizik” eta, gainera, Sarako eremuan kokatua dagoelako. Postu honen ordez, plano gainean jarri diren bi ehiza postuak ez direla erabilgarriak uste dute ehiztariek, “Etxalarko Hoteleko parkinean jartzea berdintsu izanen litzateke” diote.

Ursua inguruan jarri diren S3 eta S4 postuei buruz ere iritzi beretsua du Usoa ehiztari elkarteak, “historian inoiz ez baitira ehizarako erabili” eta S5 eta S6 postuei dagokienez, aitzineko Planean kendu egin zirela gogorarazi dute, 27 eta 32 postuen artean traba egiten zutelako. “Postu hauek kentzea batzarrean erabaki genuen eta horren berri bazuen POC berria idatzi duenak” diote.

Hau guzia kontuan hartuz, Usoa ehiza elkarteak uste du Planeko aldaketak elkartea eta bere bazkideak “kontuan hartu gabe eta hauen kontra” egin direla uste du. Elkartea beti prest egon omen da bere iritzia eta aportazioak egiteko, “baina POCaren aldaketa honetan ez dira kontuan hartu”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun