Bisita gidatuak, bisita antzeztuak, erakusketak, kontzertuak edo zine emanaldiak leizean, hauek dira Zugarramurdik ematen dituen aukerak 2010ko udarako. Ordutegiaren zabalkuntza ere izanen da, aurten Sorginen Museoa asteartetik igandera irekiko baita 11:00etatik 19:00etara.
Joan den udan eta Aste Santuan izan duten arrakasta ikusiz, uztailaren 16tik aitzinera ortziralero “Ilargi betea, sorginen larrea” bisita antzeztuak errepikatzen ari dira. Bi sorgin izanen dira, bata esperientzia duena akelarreetan eta z hasiberria, azken honek bisitariak gidatuko ditu belarren munduan eta euskal mitologian, txalapartaren soinua adituko da eta erritual bat egin da akelarrearen lezean. Ikuskizunak umore kutsua dauka eta adin guztietarako egokia da. Aurten Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo departamentuaren laguntza izanen du. Bisita hau egiteko nahitaezkoa da lehenagotik erreserba egitea 948599004 telefonoan edo info@zugarramurdi.es, pertsona kopuru mugatua baita.
Bigarren proposamena sorginen herriari egindako bisita gidatua da, “Historiaz betetako etxeak”. Uztailaren 15etik aitzinera ortzegun eta larunbatero eginen dira 17:00etan. Bisita Zugarramurdiko plazan hasiko da, bertan sorgin batek eginen die harrera bisitariei, eta bitartean lekuen eta bertako jendeen historia kontatuko die, herriko leku esanguratsuenak ikusiko dituzte (Andra Mariaren eliza, sorginen etxeak behitiko karrikan,...). bisitak 3,50 euro balioko du helduentzat eta 6 eta 12 urte tarteko haurrek 2 euro ordaindu beharko dute. Interesatuta daudenak Sorginen Museoko Turismo Bulegoan edo plazan bertan apunta daitezke.
“Momentuak harrapatzen”, Diana Iniesta-ren erakusketa
Diana Iniesta margolari katalana izanen da Sorginen Museoko sabaian bere lanak erakusten lehena, erakusketa uztailaren 15an ireki zen eta abuztuak 15a arte egonen da zabalik. “Momentuak harrapatzen” izenpean erakusten ditu bere artelan eta argazki berriak, oraingo honetan argi eta itzal iragankorrak modu konstantean marrazten eta zirriborratzen duen natura erabiltzen du. Abuztuaren erdialdera Ana Sistiagak bere artelanak ikusgai jarriko ditu, eta irailaren 15etik aurrera Mari Cruz Sigüenzak hartuko du erreleboa.
Auschwitz gogoratuz kontzertua larunbatean
Auschwitz-etik bizirik gelditutakoek eta mundu guztietako ordezkariek ospatzen dute 2010 urtean kontzentrazio eremuaren askatasunaren 65. urteurrena. Ospakizun hauen eta “Cultur” programaren barruan, “El Cuarteto Messiaen”ek kontzertu bat eskainiko du Zugarramurdiko lezean larunbat honetan, uztailaren 24an, 18:00etan Oliver Messiaen-en omenez. Oliver Messiaen 1940. urtean sartu zuten Alemaniako kontzentrazio eremu batean eta berekin batera zeudenen artean klarinetista bat, biolinjole bat eta bilontxelista bat aurkitu zituen. Sortutako laukoteari “El cuarteto para el fin del mundo” izena jarri zioten. Estreinaldia beraiekin batera kontzentrazio eremuan zeuden 5000 pertsonen aitzinean egin zuten 1941eko urtarrilaren 15ean.
Oraingo honetan Adela Martín izanen dugu pianoan, Francisco Segarra klarinetearekin, Anna Przylecka biolinarekin eta Tomasz Przylecky biolontxeloarekin izango dira mezu gizakiar eta unibertsal bat daraman musika zoragarria joko dutenak. Kontzertua doakoa izanen da eta lezeen sarreraren barrenean sartuta egonen da.