2010eko Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da uztailaren 16an, ortziralean 12:30ean Zornotzako Larrea zelaian. Karmen eguna besta eguna da Durangaldeko herri honetan eta maila handieneko norgehiagoka izanen dute. Aurtengoan estreineko saioa izanen duen Donato Larretxeak, Jose Mari Olasagasti izanen du arerio. Hogei enbor moztu beharko dituzte, 6 modalitate ezberdinetan. Olasagastik ekainaren 27an jokatutako lehen saioan galdu egin zuen Leaburuko Anjel Arrospideren kontra.
Hernani eta Ondategiko lehen bi saioen ondotik, Floren Nazabal eta Anjel Arrospide daude sailkapen buruan bina punturekin eta Juan Jose Lopez Azpilikuetak eta Jose Mari Olasagastik puntu bana daukate. Donato Larretxea punturik gabe dago, oraindik parte hartu ez duenez.