N-121 errepideko trafikoa %12 hazi da urte batean

Ttipi-Ttapa 2010eko uztailaren 9a

Bera eta Irun arteko errepidea ekainaren 26an inauguratu zuten.

Errepide berria zabaldu zenetik 10.800 ibilgailu pasatzen dira egunero Endarlatsatik

N-121 errepidearen Igantzi eta Bera arteko zati berria urriaren 23an zabaldu zen, eta Bera eta Irun arteko zatia, berriz, ekainaren 26an. Obrak iraun zuten denboran trafikoak behera egin zuen, baina errepide berria irekia dagoenetik, aunitz egin du goiti. Egunero 10.800 ibilgailu pasatzen dira Endarlatsatik.

Urtebete pasatu da N-121 errepidearen Bera eta Irun arteko zatia inauguratu zenetik, eta tarte horretan %12 igo da ibilgailuen joan-etorria. Hala, berriki argitaratu diren datuen arabera, egunean 10.800 ibilgailu pasatzen dira Endarlatsatik, eta horietatik %27 ibilgailu astunak dira.

Obrak egin aitzinetik, 2007an, egunean 9.700 ibilgailuk zeharkatzen zuten Bortziriak Gipuzkoarekin lotzen dituen errepide hau, beti ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera. Baina obrak iraun zuten denboran, beheiti egin zuen: 7.200 ibilgailu pasatu ziren egunean.

Atzerapenekin ireki ziren bideak

Bi urtez obratan aritu ondotik, Beratik Irunerako zatia ekainaren 26an inauguratu zuten. Endarlatsatik Irunerako zati berriak 6,6 kilometro ditu eta 2,5 kilometro Endarlatsatik Bera artekoak. Sunbilla-Bera arteko zatia, aldiz, urriaren 23an zabaldu zuten. Azken 7,870 kilometro horiek falta ziren Sunbilla eta Behobia arteko errepidea osorik irekitzeko eta zazpi hilabeteko atzerapenarekin ireki zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun