Bertizko Partzuergo Turistikoak udako kanpaina aurkeztu zuen uztailaren 2an emandako prentsaurrean. Ekitaldi nagusien artean, Urdazubin eginen den Burdinaren Eguna, Sunbilla eta Igantziko Artzain Egunak eta Amaiurko Errotaren Eguna daude.
Martin Garde Partzuergoko presidenteak eta Izaskun Goñi kudeatzaileak aipatu zutenez, besta eta ekitaldien boletina ere argitaratuko da, turisten artean ez ezik, ostalaritza eta zerbitzuen arloan arrakasta daukan argitalpena.
Uztail eta abuztuan, goiz eta arratsaldez bixita turistikoak eskainiko dira Leurtzako urtegira, Igantziko San Juan Xarrera, Etxalar, Amaiur eta Elizondoko herrietara, Donamariako Jauregira edo Arizkungo Bozate auzora eta Sunbillatik Oteixonera mendi ateraldiak ere eginen dira, bazkaria barne dela.
Belate ingurua ere promozionatzen hasiko dira, Santiago Bidea, gaztelu zaharraren hondakinak eta lohikaztegia, bertzeak bertze, eta aisialdirako eta entretenimendurako bertze ekintzak ere eginen dira.