Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, hainbat herri kirol saio jokatuko dira ortzegun honetatik aitzinera Iruñeko Foru Plazan. Uztailaren 14ra arte, egunero 12:00etatik 14:00etara izanen dira. Horietako aunitzetan Nafarroako txapeldunak erabakiko dira, eta eskualdeko kirolariek ez dute hitzordura hutsik eginen.
UZTAILAK 8, ORTZEGUNA
NAFARROAKO HARRIJASOTZE TXAPELKETA
Hiru harri desberdinekin bi minutuko txandak izanen dituzte harri-jasotzaileek. Josetxo Urrutia (Leitza), Xabier Igoa (Aldatz), Unai Bertiz (Sunbilla) eta Xabier Ariztegi Santxin (Etxalar) izanen dira parte-hartuko dutenak, eta 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso beharko dituzte.
NAFARROAKO 3. MAILAKO AIZKORA TXAPELKETAKO KANPORAKETA
Bi kanaerdiko ebaki beharko dituzte parte-hartzaile hauek:
Iban Resano (Ergoiena), Raul Castro (Urroz), Asier Pellejero (Areso), Goizeder Belza (Etxarri Aranatz), Mikel Indakoetxea (Zubieta), Esteban Pikabea (Gerendiain), Jose Antonio Loiarte (Zubieta), Eneko Saralegi (Iruñea), Angel Eraso (Salinas De Oro), Iñaki Vazquez (Altsasu), Aritz Goñi (Etxarri Aranatz), Diego Riaño (Leitza).
NAFARROAKO LASTO ALTXATZE TXAPELKETA
Igantziarren arteko lehia nagusituko da lasto altxatzen: Oskar Telletxea, Karlos Sein, Xabi Sein eta Iñaki Bereau-k 45 kiloko lasto fardoa ahalik eta gehien altxatu beharko dute bi minutuko denboran.
UZTAILAK 9, ORTZIRALA
NAFARROAKO LEHEN MAILAKO ARPANLARI TXAPELKETA
Eskualdeko bikote bakarra Igor Lasaga (Bera) eta Jabier Galarregik (Etxalar) osatutakoa izanen da. Kanaerdiko enborrari 14 korte etzanda eta bertze lau zutik egin beharko dizkiote. Hauek izanen dituzte aurkariak: Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz), Esteban Pikabea (Gerendiain) eta Albaro Morrondo (Ripa), eta Martin Pikabea (Gerendiain) eta Ander Iribarren (Auza).
NAFARROAKO KADETE MAILAKO ARPANA TXAPELKETA
100 zentimetroko enborrari 10 korte etzanda eman beharko dizkiote kadete mailako arpanlariek, eta kasu honetan hauek izanen dira parte hartuko dutenak: Joanes Satrustegi eta Alain Ansotegi (Andra Mari, Etxarri Aranatz), Koldo Murgiondo eta Iraitz Berastegi (Andra Mari, Etxarri Aranatz), Oier eta Imanol Kañamares (Berriozar) eta Xabier Sarratea eta Gaizka Jauregi (Basaburua, Baztan).
Txapelketez gain, Joxe Bikondoak erakustaldia eskainiko du, baita Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi leitzarrek ere. Neurri desberdineko bortz enbor moztu beharko dituzte Olanok eta Saralegik.
UZTAILAK 10, LARUNBATA
NAFARROAKO INGUDE ALTXATZE TXAPELKETA (GIZONEZKOAK)
18 kiloko ingudearekin ahalik eta altxaldi gehien ematen saiatu beharko dute kirolariek minutu eta erdiz. Josetxo Urrutia (Leitza), Xabi Sein (Igantzi), Karlos Sein (Igantzi) eta Joakin Aioroa (Ituren) ariko dira horretan.
Horrez gain, lasto altxatze eta botatze erakustaldiak, Inaxio eta Iñaki Perurenaren harri-jasotze erakustaldia eta lauko sokatira saioak ere izanen dira.
UZTAILAK 11, IGANDEA
NAFARROAKO BIKOTEKAKO AIZKOLARI TXAPELKETA
Hiru bikotek neurtuko dituzte indarrak txapelketa honetan: Nazabal-Barberena bikoteak; Larretxea-Senosiainek eta Lopez-Mindegiak. Kanaerdiko sei enbor eta 60 ontzako bertze sei moztu beharko dituzte.
NAFARROAKO TXINGA TXAPELKETA (EMAKUMEZKOAK)
25 kiloko txinga banarekin, 28 metroko plaza gehien egiten ahaleginduko dira emakumezkoak: Dorleta Peña (Bera), Nerea Sorondo (Bera), Xanta Sousa (Lesaka), Patricia Anton (Berriozar) eta Esther Iriarte (Narbarte) izanen dira protagonistak.
Ondotik, gurdi altxatze eta arpana erakustaldia izanen dira. Gurdiarekin Joseba Petrirena (Bera) eta Josetxo Urrutia (Leitza) ariko dira.
UZTAILAK 12, ASTELEHENA
XII. SAN FERMIN MOTOZERRA TXAPELKETA
Motozerrarekin ariko den eskualdeko kirolaririk ere izanen da: Esteban Arruti Oieregikoa, hain zuzen. Berarekin batera, Miguel Angel Mariñelarena (Berasain) eta Alayn Salvador (Burgi) ariko dira eta hauek izanen dira egin beharreko lanak: 15 zentimetrotan 5 korte abiaduran ; 20 zm- zentimetrotan korte kopuru handiena hainbat norabidetan; 20 zentimetrotan korte kopuru handiena (zutik) eta 100 zentimetrotan eta 15 minututan irudi bat egitea.
Egun berean, Mikelk Saralegik harri-jasotze erakustaldia eginen du, eta Berriozar, Igantzi, Basaburua eta Andra-Mariko kimuak herri kiroletan ere ariko dira, proba konbinatuetan. Haurrendako herri kirolak ere izanen dira.
UZTAILAK 13, ASTEARTEA
Erakustaldien eguna izanen da. Alde batetik, Kañamares anaiak aitzurrarekin egurra mozten ariko dira. Aitor Oiarbide harri-jasotzen ariko da; Juan Jose Lopez eta Mikel Mindegia, berriz, kanako enborra mozten ikusteko aukera izanen da eta Maika Ariztegi (Ituren) eta Izaskun Ariztegi (Etxalar) aizkoran ariko dira.
UZTAILAK 14, ASTEAZKENA
Sanferminetako azken egunean ere, ez da lehiarik izanen, erakustaldiak baino ez: motozerra erakustaldia eta aizkora saioa izanen dira. Azken honetan, Oihan Larretxea eta Aitor Senosiain batetik eta bertzetik Ander Erasun eta Jon Rekondo ariko dira.