Savera lantegian aurkeztutako Erregulazio Espedienteari Nafaroako Gobernuak emanen dion erantzunaren esperoan, langabezia berriz ere jautsi egin da ekainean eskualdean. Doneztebeko Enplegu Bulegoan 1.016 lagunek emana zuten izena ekain hondarrean, ekainean baino 78 guttiagok. Oraindik langabetu kopurua hagitz handia da, baina ekainean %7,13 beheiti egin zuen eskualdean, Nafarroa osoan dauden hamar lan bulegoetako portzentairik altuena eta Nafarroako %1,87ko banaz bertzeko jautsiera baino aunitzez gehiago, datu ofizialen arabera.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 451 kontratu gauzatu ziren ekainean, baina horietatik 61 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adin tarte guzietan langabezia beheiti
Adina eta sexuari dagokionez, adin guzietan somatu da langabeziaren jautsiera; 25 urtez gizasemen artean 457tik 412ra jautsi zen langabetu kopurua ekainean eta adin tarte horretako emakumeen artean, 491tik 483ra. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan berriz, 102tik 93ra jautsi da langabetu kopurua eta emakumeetan, 44tik 28ra jautsi zen.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, baina ekainean jautsiera handiena somatu duena ere arlo horixe izan da, 606tik 570erara jautsi baita, 36 guttiago. Arraiozko merkatal gunearen irekierak zerikusirik izanen du horretan. Industrian ere 30 lagun guttiago daude lan gabe, 216. Eraikuntzan ere beheiti egin du langabeziak, 146 langabetutik 139ra jautsi baita; nekazaritzan, 19tik 18ra jautsi da langabetu kopurua eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere, 73 langabetu ziren ekain hondarrean, maiatzean baino 4 guttiago.