Unai Bertiz sunbildarrak irabazi du Nafarroako Harri-jasotze txapelketa

Ttipi-Ttapa 2010ko uzt. 9a, 13:13

Ingude altxatze txapelketa larunbatean jokatuko da.

Lasto Altxatzen Xabi Sein igantziarra gailendu da

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, hainbat herri kirol saio jokatuko dira egun hauetan Iruñeko Foru Plazan. Uztailaren 14ra arte, egunero 12:00etatik 14:00etara izanen dira. Horietako aunitzetan Nafarroako txapeldunak erabakiko dira, eta eskualdeko kirolariek ez dute hitzordura hutsik eginen.

Uztailaren 8an hasi ziren Nafarroako Herri Kirol Txapelketak eta fin ibili ziren eskualdeko kirolariak. Harri-altxatze txapelketan, adibidez, Sunbillara joan zen garaipena. Unai Bertizek 6.050 kilo jaso zituen guztira: 125 kiloko zilindroari 23 altxaldi eman zizkion; 112,5 kiloko kubikoari 14 eta 100 kiloko bolari 16. Sailkapenean, bigarrena, Josetxo Urrutia leitzarra izan zen. Honek 5.462,5 kilo altxatu zituen: zilindroari 20 altxaldi; kubikoari 13 eta bolari 15. Hirugarren postua ere zonaldera etorri zen, Etxalarrera: Xabier Ariztegi Santxinek 4.800 kilo jaso zituen: zilindroari 18 altxaldi eman zizkion, kubikoari 12 eta bolari 12. Sailkapenean laugarrena, Xabier Igoa (Aldatz) izan zen.

Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketa ere ortzegunean jokatu zen. 45 kiloko lasto fardoari ahalik eta altxaldi gehien ematea zen helburua, 2 minutuko denboran, eta igantziarren arteko lehian Xabi Sein nagusitu zen. 22 altxaldi egin zizkion. Bigarrena Iñaki Bereau izan zen (21 altxaldi eta hurrengo altxaldi bi minutu eta lau segundotara) eta hirugarrena Karlos Sein (21 altxaldi bi minutu eta 6 segundotara).

Egun berean, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketak ere jokatu ziren. Bi kanaerdiko moztu behar izan zituzten 11 aizkolarik, eta eskualdekoak honela gelditu ziren: lehenbizikoa Jose Antonio Loiarte zubietarra (4:41:01), bigarrena Asier Pellejero aresoarra (4:45:66), laugarrena Raul Kastro urroztarra (5:13:90), seigarrena Diego Riaño leitzarra (5:19:41) eta hamaikagarrena Mikel Indakoetxea zubietarra (10:02:82). Lehen bortz sailkatuak, tartean, Loiarte, Pellejero eta Kastro, abuztuaren 29an Arazurin jokatuko den finalean ariko dira.

 

UZTAILAK 9, ORTZIRALA

NAFARROAKO LEHEN MAILAKO ARPANLARI TXAPELKETA

Eskualdeko bikote bakarra Igor Lasaga (Bera) eta Jabier Galarregik (Etxalar) osatutakoa izanen da. Kanaerdiko enborrari 14 korte etzanda eta bertze lau zutik egin beharko dizkiote. Hauek izanen dituzte aurkariak: Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz), Esteban Pikabea (Gerendiain) eta Albaro Morrondo (Ripa), eta Martin Pikabea (Gerendiain) eta Ander Iribarren (Auza).

NAFARROAKO KADETE MAILAKO ARPANA TXAPELKETA

100 zentimetroko enborrari 10 korte etzanda eman beharko dizkiote kadete mailako arpanlariek, eta kasu honetan hauek izanen dira parte hartuko dutenak: Joanes Satrustegi eta Alain Ansotegi (Andra Mari, Etxarri Aranatz), Koldo Murgiondo eta Iraitz Berastegi (Andra Mari, Etxarri Aranatz), Oier eta Imanol Kañamares (Berriozar) eta Xabier Sarratea eta Gaizka Jauregi (Basaburua, Baztan). Txapelketez gain, Joxe Bikondoak erakustaldia eskainiko du, baita Arkaitz Olano eta Ruben Saralegi leitzarrek ere. Neurri desberdineko bortz enbor moztu beharko dituzte Olanok eta Saralegik.

 

UZTAILAK 10, LARUNBATA

NAFARROAKO INGUDE ALTXATZE TXAPELKETA (GIZONEZKOAK)

18 kiloko ingudearekin ahalik eta altxaldi gehien ematen saiatu beharko dute kirolariek minutu eta erdiz. Josetxo Urrutia (Leitza), Xabi Sein (Igantzi), Karlos Sein (Igantzi) eta Joakin Aioroa (Ituren) ariko dira horretan. Horrez gain, lasto altxatze eta botatze erakustaldiak, Inaxio eta Iñaki Perurenaren harri-jasotze erakustaldia eta lauko sokatira saioak ere izanen dira.

 

UZTAILAK 11, IGANDEA

NAFARROAKO BIKOTEKAKO AIZKOLARI TXAPELKETA

Hiru bikotek neurtuko dituzte indarrak txapelketa honetan: Nazabal-Barberena bikoteak; Larretxea-Senosiainek eta Lopez-Mindegiak. Kanaerdiko sei enbor eta 60 ontzako bertze sei moztu beharko dituzte.

NAFARROAKO TXINGA TXAPELKETA (EMAKUMEZKOAK)

25 kiloko txinga banarekin, 28 metroko plaza gehien egiten ahaleginduko dira emakumezkoak: Dorleta Peña (Bera), Nerea Sorondo (Bera), Xanta Sousa (Lesaka), Patricia Anton (Berriozar) eta Esther Iriarte (Narbarte) izanen dira protagonistak. Ondotik, gurdi altxatze eta arpana erakustaldia izanen dira. Gurdiarekin Joseba Petrirena (Bera) eta Josetxo Urrutia (Leitza) ariko dira.

 

UZTAILAK 12, ASTELEHENA

XII. SAN FERMIN MOTOZERRA TXAPELKETA

Motozerrarekin ariko den eskualdeko kirolaririk ere izanen da: Esteban Arruti Oieregikoa, hain zuzen. Berarekin batera, Miguel Angel Mariñelarena (Berasain) eta Alayn Salvador (Burgi) ariko dira eta hauek izanen dira egin beharreko lanak: 15 zentimetrotan 5 korte abiaduran ; 20 zm- zentimetrotan korte kopuru handiena hainbat norabidetan; 20 zentimetrotan korte kopuru handiena (zutik) eta 100 zentimetrotan eta 15 minututan irudi bat egitea.

Egun berean, Mikelk Saralegik harri-jasotze erakustaldia eginen du, eta Berriozar, Igantzi, Basaburua eta Andra-Mariko kimuak herri kiroletan ere ariko dira, proba konbinatuetan. Haurrendako herri kirolak ere izanen dira.

 

UZTAILAK 13, ASTEARTEA

Erakustaldien eguna izanen da. Alde batetik, Kañamares anaiak aitzurrarekin egurra mozten ariko dira. Aitor Oiarbide harri-jasotzen ariko da; Juan Jose Lopez eta Mikel Mindegia, berriz, kanako enborra mozten ikusteko aukera izanen da eta Maika Ariztegi (Ituren) eta Izaskun Ariztegi (Etxalar) aizkoran ariko dira.

 

UZTAILAK 14, ASTEAZKENA

Sanferminetako azken egunean ere, ez da lehiarik izanen, erakustaldiak baino ez: motozerra erakustaldia eta aizkora saioa izanen dira. Azken honetan, Oihan Larretxea eta Aitor Senosiain batetik eta bertzetik Ander Erasun eta Jon Rekondo ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun