Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldian jokatu zen ekainaren 27an, igandean Orbaizetan.
Ezusterik handiena koxkor biltze txapelketan izan zen. Lehen jardunaldian Patxi Irazoki igantziarra nagusitu zen eta bigarrenean Fernando Etxegarai beratarra, aspaldiko urteetan Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun izandakoa. Bada, Orbaizetan, ez bata ez bertzea: Berriozarko Eder Goldarazena gailendu zitzaien, denbora bikaina eginez gainera: 6 minutu eta 15 segundu. Honela, hiru saioetako bi denborarik onenak kontuak hartzen direnez, Goldarazena bera nagusitu zen, 12 minutu eta 47 segunduko denborarekin. Orbaizetan eta sailkapen orokorrean bigarren, hiru segundu eskasera, Fernando Etxegarai izan zen eta horihaarren Patxi Irazoki igantziarra, 10 segundura sailkapen orokorrean. Anizko Unai Iantzi bosgarren izan zen.
Ingude altxatzen ez zen ezusterik izan. Aitzineko saioetan bezala, Joakin Aioroa iturendarra nagusitu zen 67 jasoaldirekin, Xabi Sein igantziarrak 64 egin zituen eta Carlos Seinek 62. Denera, hiru saioak kontuan hartuz, 199 jasoaldi egin ditu iturendarrak, 192 Xabi Seinek eta 184 Carlos Seinek.
Harri altxatzen, Xabier Ariztegi etxalartarra izan zen onena Orbaizetan. Denera 3.600 kilo altxatu zituen, zilindroari 12 altxaldi, kunikoari 8 eta bolari 12 emanda. Bigarren Xabier Igoa izan zen, 3.500 kilorekin eta hirugarren Josetxo Urrutia leitzarrak, 3.387,5 kilorekin. Orbaizetan ez zuen bere egunik onena izan Urrutiak, baina halere lehenbizikoa izan da sailkapen orokorrean, 8.725 kilo altxatuta. Xabier Igoak 8.362 kilo terdi altxatu ditu eta Xabier Ariztegik 8.050 kilo.
Lasto altxatzen, Xabi Seinek hamabigarren altxaldia lortu zuen Orbaizetan eta horrek txapela eman zion, 34 jasoaldi egin baititu hiru saioetan.
Iñaki Bereuak eta Carlos Seinek hamekana egin zituzten Orbaizetan eta denera, 33 egin ditu Bereauk eta 32 Seinek.
Zakularien lasterketan Berriozar B nagusitu zitzaion A taldeari, eta txinga eramaten, Berriozarko Imanol Martin nagusitu zitzaion Leitzako Josetxo Urrutiari.