Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzeak eman zituen ekainaren 29an Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan. Ekitaldi horretan, domina edizio honetan saritutako sei pertsona eta erakunderen artetik bortzeri eman zitzaien: Tuterako Orden del Volatín; Arkupeak Erretiratuen Elkartea; Juan Antonio Sagardoy Bengoechea Lan Zuzenbideko katedraduna; Rosa Mary Ibáñez Zapatero Nafar Etxeen Federazio Nazionaleko lehendakaria; eta María Ángeles Mezquíriz Irujo arkeologoa. Seigarren saridunak, “Les Amis de la Vieille Navarre” (“Nafarroa Zaharraren lagunak”), kondekorazioa ortzegun honetan, uztailak 1, eginen den ekitaldian jasoko du, Donibane Garazin.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea kondekorazioa 1997an sortu zuen, Nafarroako aurrerapenari beren jardunari dagokion esparrutik lagundu dioten edo Foru Komunitatea bere mugetatik landa erakutsi duten pertsona eta erakundeen merezimenduak nabarmentzeko asmoz. Arkupeak Jubilatuen Elkarteari dagokionez, Gobernuak azpimarratu du “Nafarroaren iparraldeko ia berrogeita hamar herritan adinekoak integratzen eta dinamizatzen funtsezko lana egin duela”. Domina Felipe Gamboa Jorajuria lehendakariak jaso zuen eta Eusebio Maritorena, Leitzako delegatua ere ekitaldian izan zen. Ekitaldian Nafarroako Gobernuko kideak eta Foru Komunitateko politika, ekonomia eta gizartearen esparruko ordezkariak egon ziren. Atelier laukoteak Nafarroako ereserkia interpretatu du, “Tant que vivrait” Claudin de Sermisyrena eta “Navarra mía” Raimundo Lanasena.