Baztanek eta Huartek jokatuko dute Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finala

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 30a

Baztango pilotariak igandeko finalean izanen dira. TTIPI TTAPA

Baztandarrek Leitza kanporatu zuten finalerdietan eta igandean Labriteko finalean izanen dira

Baztanek eta Huartek jokatuko dute Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finala. Uztailaren 4an, igande goizeko 09.30ean izanen dute hitzordua Iruñeko Labrit pilotalekuan, faborito argirik gabeko finalean.

Baztanek eta Huartek jokatuko dute Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finala. Uztailaren 4an, igande goizeko 09.30ean izanen dute hitzordua Iruñeko Labrit pilotalekuan, faborito argirik gabeko finalean. 2000 eta 2001 urteetan txapeldun izan ondotik, hirugarren finala izanen da Baztanentzat eta bosgarrena Huarterentzat (txapeldun izan zen 2004 eta 2008an). Beraz, irabazten duenak irabazten duela, hirugarren txapela izanen du txapeldunak.

 

Finalerdian Baztan eta Leitza aurrez aurre izan ziren

Finalean sartzeko, finalerdietan Leitza kanporatu zuen Baztanek. Joanekoan, 1-3 irabazi zuten baztandarrek Leitzan eta bazirudien arazorik ez zutela izanen finalean sartzeko, baina joan den igandean lana gogotik egin behar izan zuten Iruritako Aranabia pilotalekuan, finalerako txartela eskuratzeko. Alebin mailan, Baztango Enaitz Antso eta Iker Espelosinek 18 eta 14 irabazi zieten Leitzako Ander Alduntzin eta Jon Lezeari. Infantil mailan, Leitzako Anartz Olanok eta Mikel Sagastibeltza Lasartek 9 eta 18 irabazi zieten Baztango Arkaitz Untxalo eta Dario Trantxeri. Bi emaitza hauek espero zitezkeen, baina zalantza handiagoa zegoen jubenil mailako partidan. Leitzan ez zuen Jon Jaunarenak jokatzerik izan, baina Iruritan txuriz jantzi zen eta Mikel Hernandorenarekin batera, 22 eta 10 irabazi zieten Joseba Arizmendi eta Antton Jauregiri. Beraz, senior mailako azken partidara, Baztan 4-3 aitzinetik, baina tantuen aldea leitzarren alde ailegatu ziren. Hortaz, azken partida hori irabazten zuenak lortuko zuen finalerako txartela. Hasiera berdindu baten ondotik, Baztango Unai eta Xabier Arraztoa 22 eta 18 gailendu zitzaizkien Leitzako Asier Garcia eta Mikel Iriarteri, finalerako txartela eskuratuz baztandarrentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun