ELA, LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuek ekainaren 29an deitutako greba orokorrak segida zabala izan zuen ttipi-ttapak hartzen duen eskualdean. LAB sindikatuko Koldo Saenzek “banaz bertze %90eko izan duela” aipatu zuen eta ELA sindikatuko Jose Mari Arribillagak adierazi zuenez, “joan den urteko maiatzaren 21ekoaren parekoa” izan zen jarraipena. Eskualdeka, grebaren eragina ezberdina izan zen. Honela, Bortzirietan eta Leitzaldean kasik erabatekoa izan zen geldialdia. Bortzirietan, lantegi nagusienak, Lesakako Arcelor-Mittal edo Zalain Transformados lantegietako ateak itxiak zeuden eta ez zen produkziorik izan. Leitzako Sarriopapel ere itxia egon zen. Salbuespenak salbuespen, industrialdeak geldirik zeuden. Komertzioetan ere, Lesakan %90 inguruk itxi zuen, Beran %60ak eta Leitzan ere kasik denda guziek ez zuten aterik ireki. Administrazio arloan, Bortziriak, Malerreka eta Leitzaldeko mankomunitate eta udal bulego guziak itxiak zeuden, baina guttieneko zerbitzuak errespetatu ziren. Malerrekan kasik lantegi eta komertzio guziak itxiak zeuden, baina kontuan hartu behar da Donezteben San Pedro eguna ospatzen zutela. Baztanen, langileen erditsuak segitu zuen greba. Zenbait lantegi eta komertzio itxiak zeuden, baina bertze batzuk normaltasunez lan egin zuten.
Manifestazioa Lesakan
Greba egunari akabaila emateko, 400 bat lagun bildu ziren Lesakan, “Etorkizun duin baten alde, Baztan Bidasoa bizirik” lelopean egindako manifestazioan. ELA, LAB eta EHNEko ordezkariek eraman zuten pankarta nagusia, baina horretaz gain, Saverako langileek eta Lekarozko Aroztegiako egitasmoaren kontrakoek bere eskariak ere karrikaratu zituzten. ELA eta LABeko ordezkariek, grebak izandako segida azpimarratu zuten eta etorkizunean ere elkarrekin mobilizatzeko deia egin zuten. Alde horretatik, aipatzekoa da larunbat honetan, uztailaren 3an, manifestazioa deitu duela Saverako Langileen Komiteak eta ELAren deialdiarekin bat egin du LAB sindikatuak ere.