Javier Mariezkurrena kamioi gidari doneztebarra eta Truck Navarra Competicion taldearentzat asteburu gazi-gozoa izan da Nogaroko Sari Nagusikoa. Frantziakoa, eskualdetik hain hurbil izanik, “etxeko” karrera da eta hainbat lagun hurbildu ziren karrerak ikustera.
Asteburua ongi hasi zen, larunbateko sailkapen probetan, zortzigarren postua lortu baitzuen Mariezkurrenak, orain arteko sailkapenik onena errepikatuz. Lehen lasterketan ere itxura onarekin hasi zen kamioia, baina zenbait gorabeheren ondotik, hamabosgarren akitu zuen. Bigarren lasterketa ere makur joan zen Mariezkurrenarentzat, ateratzekoan tronpoa egin eta azkena gelditu baitzen, buelta erdi gibeletik. Hamaseigarren posturaino aitzintzea lortu zuen baina hortxe gelditu zen. Denboraldiko probarik kaxkarrenak izan ziren, punturik gabe eta akats aunitzekin.
Igandeko sailkapen proban, zazpigarren postua lortu zuen Mariezkurrenak, superpolerako sailkatuz eta hemen hamargarren izan zen. Asteburuko hirugarren karreran, igandeko lehenbizikoan, bederatzigarren postua lortu zuen Mariezkurrenak, kanbio-palanka hautsi zuen David Vrsecky aitzindu eta gero.
Asteburuko laugarren karrera ikuskizun hutsa izan zen. Irteeran, Antony Janiecek ez zuen lehen postua mantentzea lortu eta Mariezkurrenak ere aitzindu egin zuen. Bi bihurgune beranduago, Janiecen kamioiak doneztebarrarena bultzatu zuen eta honek Chris Levett-ena kolpatu zuen. Hau pistatik atera zen, itxuraz arriskurik gabe, baina kasik hondamendia eragin zuen. Bi bihurgune aitzinerago, berriz ere saiatu zen Janiec, oraingoan Mariezkurrena ez ezik Antonio Albacete ere aitzintzen saiatu en, baina Cepsakoa kolpatu zuen eta karreraren azken postuan utzi zuen. Aitzinetik, Markus östreich eta Alexander Lvov elkarrekin atera ziren zirkuitutik. Honela, Mariezkurrena bosgarren postura igo zen eta gaur egungo txapelduna den David Vrseckyk ez zuen lortu doneztebarra harrapatzea. Behin karrera akituta, epaileek Janiec zigortu zuten Albaceteri emandako kolpearengatik eta honela, Truck Navarra Competicion taldeak laugarren postua lortu zuen, orain arte inoiz lortutako sailkapenik onena.