Ekainaren 29ko greba orokorrerako deialdia egin dute Baztan-Bidasoako ELA eta LABek

Aitor AROTZENA 2010eko ekainaren 25a

Saverako langileek bere eskakizunaren berri ere eman zuten greba deialdiko prentsaurrean. Aitor AROTZENA

Bezperan kotxe karabana izanen da Arizkun eta Bera artean eta astearte arratsaldean manifestazioa Lesakan

Heldu den asteartean, ekainaren 29an Hego Euskal Herrian eginen den greba orokorrean parte hartzeko deia egin zuten ELA eta LAB sindikatuek asteazkenean Etxalarko Kultur Etxean. Sindikatu hauekin batera, ESK, EHNE, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak deitu du ekainaren 29rako huelga.

Heldu den asteartean, ekainaren 29an Hego Euskal Herrian eginen den greba orokorrean parte hartzeko deia egin zuten ELA eta LAB sindikatuek asteazkenean Etxalarko Kultur Etxean. Sindikatu hauekin batera, ESK, EHNE, STEE-EILAS eta HIRU sindikatuek osatzen duten gehiengo sindikalak deitu du ekainaren 29rako huelga.

Jose Mari Arribillaga, Baztan-Bidasoako ELAko ordezkariak aipatu duenez, “2008an krisia sortu zenetik, Baztan-Bidasoa eskualdea zuzen zuzenean kolpatu du: EREak izan dira nonahi, enpresa ttikietan eta handietan, eta oraindik segitzen dute. Gaur egun Funvera eta Savera dira krisi sakonenean daudenak. Hotzikara ematen duten datuak dira: 20.000 bizilagunetik 8.000 lanean aritzekoak, eta 1.000 baino gehiago langabezian. Eskualdea gaizki dago eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi beharko du zer egin. Jose Maria Roig lan kontseilaria Cederna-Garalurrek deituta etortzekoa zen hemengo alkateekin biltzera, baina beldur zelakoz ez zen etorri. Gogorarazi beharko diogu eskualde honen alde lanean hasi beharko duela”.

Koldo Saenz, Baztan-Bidasoako LAB sindikatuko ordezkariak, aipatu duenez, “Zapateroren gobernuak planteatutako lan erreforma 2002an Aznarrek planteatutakoa baino oraindik gogorragoa da eta horrek erakusten digu zein neurritako erreforma den”. Beldurra eraginez ezarri nahi duten erreforma dela aipatu du Saenzek, “krisia sortu ez duten langileen gain egin nahi dena: langileen kaleratzearen zati bat diru publikotik ordainarazi nahi dute, negoziazio kolektiboa desagertarazi eta enpresen esku uzten du hitzarmen hori ez betetzea ere, enpresak egoera ekonomiko txarra justifikatzen badu”.

Dirurik ez dela eta aurreztu behar dela aipatzen da Gobernutik krisia gainditzeko, baina sindikatuen ustez, “dirua badago, baina gaizki banatua”. UGT eta CCOOk langileak defendatu beharrean, “gure eskubideekin merkealdietan dabiltzala, beraien statusa eta pribilejioak mantentzeko” aipatu zuen Saenzek. 

 

Bezperan kotxe karabana eta greba egunean manifestazioa

Eskualdean, grebaz gain, bertze zenbait ekitaldi ere eginen dira.

Astelehenean, ekainaren 28an, kotxe karabana abiatuko da 10:00etan Arizkunetik eta Beraraino joanen da.

Ekainaren 29an, 05:30ean informazio piketeak izanen dira herri eta lantegietan eta eguerdiko 12:00etan Iruñean Gaztelu Plazatik aterako den manifestaziora joateko deia egin dute.

18:00etan, berriz, manifestazioa eginen da Lesakan, “Etorkizun duin baten alde, Baztan-Bidasoa bizirik” izenburupean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun